Tuba Jaialdiaren balorazio positiboa egin dute haren sustatzaileek

Julene Frantzesena 2022ko abe. 12a, 15:35

Tuba Eguneko emanaldi nagusiko parte hartzaileak Azoka Plazan.

Aurreikusitako ekintza guztiak gauzatu ahal izan dituztela eta musikaz gozatu ahal izan dutela azpimarratu dute egitasmoaren antolatzaileek. Zapatuko Tuba Eguna "lagun giro bikainean" egin zutela azpimarratu dute.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Tuba Jaialdia tarteko, hainbat musikari elkartu ziren asteburuan Azpeitian. Egitasmoaren antolatzaileek jaialdiaren balorazio positiboa egin dute, aurreikusitako ekintza guztiak gauzatu ahal izan zituztelako eta musikaz gozatu ahal izan zutelako. "Helburu nagusia berriro elkartzea eta orain arteko ibilbideari jarraipena ematea zen, eta emanaldi bereziak zein aberasgarriak izan ditugu", azaldu dute.

Zapatuko Tuba Eguna "lagun giro bikainean" egin zutela azpimarratu dute egitasmoaren sustatzaileek; izan ere, 30 musikari inguru elkartu ziren eta hainbat ekintza egin zituzten. Iluntzeko tuba eta bonbardino kontzertua "arazo tekniko batzuk medio" atzerapen txiki batekin hasi bazuten ere, jaialdiari amaiera "ezin hobea" eman ziotela adierazi dute. Halaber, Juan Carlos Ribellesi egindako aitortza "hunkigarria" izan zela esan dute antolatzaileek.

"Erraza izan ez bada ere", jaialdia berriro martxan jartzea lortu dutelako gustura dira jaialdiaren sustatzaileak, eta eskerrak eman dizkiete antolakuntzan bidelagun izan dituzten erakunde guztiei. "Gauza arrarorik ezean" 2023ko udazkenean Tuba Jaialdiaren XII. edizioa gauzatuko dutela esan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide