Domusa Teknik 40 MLKek emakumeentzako antolatutako hurrengo entrenamendua, Oihana Kortazarrekin

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 15a, 08:21

Oihana Kortazar mendi lasterkaria. (Goiena)

Domusa Teknik 40 MLKek antolatuta, emakumeei zuzendutako hirugarren entrenamendua izango da urtarrilaren 7an. Salomon taldeko Oihana Kortazar mendi lasterkariak gidatuko du saioa. 09:00etan abiatuko dira, igerilekuaren aurretik, eta dagoeneko eman daiteke izena.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ari dira prestatzen, eta horietan hirugarrena urtarrilaren 7an, larunbatez, egingo dute. Inguruotan oso ezaguna den pertsona batek gidatuko du hurrengo saioa; Salomon taldeko Oihana Kortazar mendi lasterkariak, hain zuzen ere.

Igerilekuaren aurretik abiatuko dira entrenamenduan parte hartuko duten kirolariak, 09:00etan. Saioan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Berez emakumeei zuzendutako entrenamendua izango den arren, gizonek ere izango dute parte hartzeko aukera, emakumeren batekin batera izena emanda. 

Azaroan egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin, eta abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela. Bi saio horiek izan duten arrakasta ikusita, hirugarrena antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide