EAJren abstentzioarekin onartu dute 2023rako udal aurrekontua

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 14a, 17:27

2023ko udal aurrekontuak bozkatzeko unea, atzo. (Azpeitiko Udala)

22.847.155 eurokoa izango Azpeitiko Udalaren aurrekontu propioa, eta 32.564.291 eurokoa aurrekontu orokorra, Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuak bateratuta. Udaleko ia sail guztien aurrekontuak haziko dira, Gizarte Zerbitzuena bereziki: %15. Inbertsioetara zuzendutako diru poltsa, berriz, 2.972.000 eurokoa izango da.

Azpeitiko Udalak onartu ditu 2023ko urtarrilaren 1etik indarrean izango diren aurrekontuak. Atzo, abenduko udalbatzarrean, bozkatu zituzten kontuak, eta Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren ordezkarien aldeko bozekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu zituzten 2019-2023 udal agintaldiko azken aurrekontuak.

Abenduaren 1ean aurkeztu zuen Udal Gobernuak orain onartu diren aurrekontuen proposamena. Orduan azaldutakoak izan zituen hizpide atzo Nagore Alkorta alkateak. "Pertsonak erdigunean" jarrita osatutako eta "azpeitiarren beharrei erantzuteko" aurrekontuak direla adierazi zuen. Behar horiei erantzuteko, hiru arlotan "indar berezia" jarri nahi izan dute: babes soziala, tokiko ekonomiaren sustapena eta energia trantsiziorako oinarriak.

2022koarekin alderatuta, %5eko igoera izango du 2023ko udalaren aurrekontu propioak, 1.100.000 euro gehiagorekin: 22.847.155 eurokoa da atzo onartutako aurrekontu propioa. Sailei dagokienez, Alkatetza eta Ogasuna kenduta, guztien diru-poltsak haziko dira. Udal Gobernuak aipatutako lehentasunen ildotik, Gizarte Zerbitzuena igoko da gehien: %15. Udalaren aurrekontu propioari Euskara Patronatuarena, Kirol Patronatuarena eta Azpeitia Berritzen sozietatearena gehituta, 32.564.291 euroko aurrekontu orokorra onartu du udalak hastear den urterako.

Inbertsioetarako, berriz, 2.972.000 erabiliko ditu erakundeak. Martxan dauden proiektu batzuk osatuko dituzte –Telefonica zaharra eta Soreasuko kulturgunea, esaterako–, eta lan berriak martxan jarriko dituzte, besteak beste Urrestillan, Sistiagaerrekako errepidean eta haurren jolas parkeetan –hiru parke guztiz eraberritzea aurreikusi dute–.

Abstentzioa eta ezezko bat

EAJk "ondo ikusten" du, "beti ere herritarrak ardatz hartuta", aurrekontuetan "Gizarte Zerbitzuei eta sustapen ekonomikoari eman zaien bultzada". Hala ere, abstentziora jotzea erabaki zuten jeltzaleek. Lan batzordeetan beren "ekarpenak adierazteko bidea" izan dutela, baina "proiektuak aurrera eramateko eta plangintza berriak kudeatzeko garaian zehaztapenik ez" dutela ikusi argudiatu zuen Amaia Etxeberria bozeramaileak; ondorioz, proiektuak sarri "denboran asko luzatzen" direla gehitu zuen. Adibideak ere eman zituen: igerilekuko irisgarritasuna hobetzeko lanak, 2021ean onartutako Kirol Mapa, Landetako plana eta Larringo industrialdearen hitzarmena, horien artean.

Bozkatu beharreko zortzi puntu zituen atzoko udalbatzarrak, eta aurrekontuenean abstenitzeaz gain, ezezkoa eman zion EAJk horietako beste bati, udalaren eta Ekindar energia kooperatibaren arteko lankidetza hitzarmenari, hain zuzen. Irailaren 22ko udalbatzarrean, ezezkoa eman zion EAJk Ekindarrek plan bereziari, energia kooperatibak Urrestillan eguzki plaken baratzea jarri ahal izateko prozeduraren azken pausoari; instalazio horren kokapena aldatzeko eskatu zuten orduan jeltzaleek, eta orduko jarrerarekin "kontsekuente" izateko, hitzarmenari ere ezezkoa ematea erabaki dutela azaldu zuen Etxeberriak.

2023ko udal aurrekontuak, kopuruetan

Udalaren aurrekontu propioa

22.847.155 eurokoa izango Azpeitiko Udalaren aurrekontu propioa 2023an. Sailez sail, hauek dira kopuruak:

  • Ogasuna eta kontuak. 392.098 euro.
  • Hirigintza eta Ingurumena. 2.392.000 euro.
  • Hezkuntza eta Euskara. 1.232.396 euro.
  • Kultura eta Gazteria. 1.222.100 euro.
  • Kirola. 1.365.138 euro.
  • Gizarte Zerbitzuak. 2.577.500 euro.
  • Langileria eta antolakuntza. 6.592.678 euro.
  • Festak. 596.000 euro.
  • Zerbitzu orokorrak. 4.651.865 euro.
  • Alkatetza. 266.000 euro.
  • Ekonomia, enplegua eta formazioa. 1.057.878 euro.
  • Parekidetasuna. 215.000 euro.
  • Baserriak. 286.500 euro.

Udalaren aurrekontu orokorra

2.564.291 eurokoa izango da Azpeitiko Udalaren aurrekontu orokorra datorren urtean. Udalaren aurrekontu propioaren, Euskara eta Kirol patronatuen zein Azpeitia Berritzenen aurrekontuen batura da kopuru hori.

Hauek dira udalaren mendeko hiru erakunde horiek 2023an izango dituzten aurrekontuak:

  • Euskara Patronatua. 863.846 euro.
  • Kirol Patronatua. 1.769.938 euro.
  • Azpeitia Berritzen. 8.656.636 euro.

Inbertsioak

2.972.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak inbertsioetarako 2023an, hamar proiektutan banatuta. Horietako batzuk lehendik martxan daude, eta beste batzuk urte berriarekin jarriko dituzte martxan; 2022ko aurrekontutik 2023kora gehitutako partida batzuekin, tartean. Hauek dira aurrekontuan zehaztu dituzten inbertsio nagusiak:

  • Urrestillako herrigunea berruzbanitzatzea: 50.000 euro.

  • Soreasun musika eskolaren egoitza egokitzea: 350.000 euro (aurrekontu osoa 1.350.000 euro).

  • Perez Arregiko Telefonican Udal Euskara Patronatua eta Txolarteko egoitzak egokitzea: 405.000 euro (aurrekontu osoa 1.350.000 euro).

  • LED argiteria: 250.000 auro (aurrekontu ososa 750.000 euro).

  • 1766ko Matxinada kalea. 227.000 euro

  • Arana Goikoako irisgarritasuna hobetzeko obra: 270.000 euro.

  • Sanjuandegiko skate parke zaharra kentzea: 420.000 euro.

  • Haur parkeak konpontzea eta hiru erabat berritzea: 290.000 euro.

  • Eguzki plakak ezartzea: 290.000 euro.

  • Sistiagaerrekako baserri bidea egitea: 420.000 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide