Nahikari Gabilondok bere lehen liburua aurkeztu du Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 15a, 08:39

Nahikari Gabilondoren liburu aurkezpena, atzo, Pittinka dendan. (Utzitakoa)

Pittinka dendan izan zen atzo idazle zarauztarra Tximeletak eta gozokiak haurrentzako liburuaz solasean, Durangoko Azokaren Zu non, han da! egitasmoaren barruan.

Joan den igandean bukatu zen aurtengo Durangoko Azoka, baina han plazaratutako nobedadeen oihartzuna Euskal Herriko hainbat herritan ari da barreiatzen egunotan, eta horietako bat da Azpeitia. Izan ere, Zu non, han da! egitasmoarekin borobildu dute euskal liburu eta diskoaren azoka aurten, azokan tokia izan duten hainbat sormen lanen aurkezpenak herriz herri antolatuta.

Zu non, han da! atzo iritsi zen Azpeitira, Nahikari Gabilondoren eskutik. Zarauztarrak bere opera prima plazaratu berri du, Tximeletak eta gozokiak izeneko 8 urtetik gorako haurrentzako liburua. Estreinako idazlan horretaz solasean aritu zen atzo arratsaldean Gabilondo, Yoseba Peñak gidatutako aurkezpen saioan, Pittinka dendan elkartutako entzuleen aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide