"Euria egiten duenean, busti egiten gara. Gure kasuan, gauza bera gertatzen da: alkoholiko batekin bizitzea tokatu bazaizu, horren eraginak sufrituko dituzu". Baieztapen horretatik abiatuta, datu bat jarri dute mahai gainean: alkoholismoa duen pertsona bakoitzak inguruko bost, zazpi edo hamar laguni eragin ohi dio bete-betean, duen harreman sarearen arabera. Alkoholikoen gertuko horiei laguntzeko helburuarekin sortu zen Al-Anon Gipuzkoako alkoholikoen senideen elkartea, eta Gabon garaiaren bueltan, talde horretako bi kide elkartu ditu hedabide honek, data horietan normalean baino alkohol gehiago kontsumitu ohi delako. Gipuzkoako koordinatzailea da bata, eta Azpeitiko taldeko kidea bestea; ez dute izenik eman, anonimotasunari eustea baita elkartearen ardatzetako bat. Eguberrien atarian, "esperantza" badagoela adierazi dute; alkoholak zipriztindutako horien salbamendurako, hor dagoela Al-Anon elkartea, alegia.
Alkoholaren kontsumoa beste droga batzuena baino normalizatuago dago egungo gizartean, eta horrek zailagoa egiten du alkoholismoaren arazoa bistaratzea. Dena den, horrek ez du esan nahi arazoa existitzen ez denik. Alkoholismoa gaixotasun gisa izendatuta dago, eta Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, urtero munduan 3,3 milioi pertsona hil ohi dira alkoholaren kontsumoak eraginda; horietako batzuek heriotza goiztiarra izan ohi dute, beste batzuek minbizia, bihotzeko nahiz gibeleko gaitzak... Hain justu, alkohola erregularki kontsumitzea 200 gaitz baino gehiagorekin lotu ohi dute profesionalek. Horrez gain, trafiko istripuak nahiz lanekoak eragin dizake kontsumoak.
Al-Anon taldeko kideek argi diote: "Gero eta alkohol gehiago kontsumitzen da. Sekulako arazoa dago horri lotuta". Hala eta guztiz ere, behera egin du alkoholismoari aurre egiteko taldeetako partaide kopuruak. Elkarrizketatuen arabera, gero eta jende gutxiagok jotzen du Alkoholiko Anonimoak nahiz Al-Anon elkarteetara. "Zerbait ez doa ondo", diote. Joera hori aldatzea gustatuko litzaieke, jendeak gaiaren kontzientzia hartzea eta laguntza eskatzea.
Alkoholismo gaitza pairatzen dutenei zuzendutako elkartea da Alkoholiko Anonimoak, eta Al-Anon, berriz, haien senideei nahiz gertukoei zuzendutakoa. Izan ere, elkarrizketatuek nabarmendu dutenez, alkoholismoa dutenak ez ezik, haien gertukoak ere "gaixotu" egiten dira. "Guk ez daukagu alkoholarekiko mendekotasunik, baina gertuko batek arazo hori eduki izanaren ondorioak bizi ditugu. Halako pertsona bat gertu izateak izugarri eragiten du emozionalki, errealitatea distortsionatzen du, izaera markatu... Horregatik esaten dugu gu ere gaixorik gaudela", adierazi dute. Hain zuzen ere, gertukoen sufrimendu horretaz hitz egiten, arazoa lantzen, mina arintzen, saiatzen da Al-Anon elkartea.
Heldulekuak sortzen
Dena den, Azpeitiko Al-Anon taldeko kideak nabarmendu duenez, ez da erraza errealitate horren kontzientzia hartzea. "Nik zera pentsatzen nuen: 'Nik ez dut edaten, eta nola egongo naiz ba gaixorik?'. Hori entzuteak izugarrizko mina eman zidan, eta kostatu zitzaidan gaixorik nengoela onartzea. Ez nengoen gaixorik fisikoki, baina barrua ez neukan ondo; mina sentitzen nuen, erreta nengoen. Une oro kezkatuta egoten nintzen: 'Nola etorriko ote da gaur senarra?', pentsatzen nuen. Etengabeko kezka horrekin bizi nintzen".
Haren arabera, alkoholikoekin bizitzea tokatu zaien zenbaitek pentsatzen dute nahikoa dela lanketa gaixoak bakarrik egitea, baina senideak berak ere landu egin behar du gaia. Taldeetan bakoitzak bere esperientzia kontatu ohi du, eta elkar entzuten dute. Egoera bera bizitzea tokatu zaienek beren bizipenak partekatzen dituzte, finean, aurrera egiteko heldulekuak sortzeko. "Zer egin behar den eta zer ez ikasten duzu, nola jokatu behar duzun, eta indartu egiten zara. Entzuten zaituztela ikusteak sekulako lasaitasuna ematen du. Zure egoera berean dagoen jendearekin elkartzeak bakarrik ez zaudela sentiarazten dizu, eta egoera baten aurrean nola jokatu ez badakizu, galdetu egin dezakezu". Gainera, saioetan hitz egindakoak anonimotasunean mantentzen dituzte; ezinbesteko baldintza da hori.
Azpeitiko kideak "30 bat urte" daramatza talde horren parte izaten, eta harentzat "oso baliagarria" izan da urteotan ikasitakoa. "Lehen pentsatzen nuen gogoak ematen ziolako edaten zuela nire ondokoak, eta konturatu naiz hori ez dela horrela, gaixotasun baten ondorio dela. Pertsona batek minbizia baldin badu, segituan ulertzen dugu tokatu egin zaiola, baina alkoholikoen arazoa tapatu egiten da, eta horrela ez da ezer konpontzen". Konponbiderako lehen urratsa arazoari eustea dela uste du: "Merezi du ahalegina egiteak. Ondo dago alkoholikoa Alkoholiko Anonimoetara joatea, bera sendatzeko, baina Al-Anoneko saioak guretzako dira, gure ongizatea zaintzeko. Niretzako salbamendua izan da Al-Anon; bizitzen irakatsi dit".
Taldera batzeko deia
Al-anon Gipuzkoako alkoholikoen senideen elkarteak sustatuta, hainbat talde biltzen dira lurraldean. Gaur-gaurkoz, hamar-hamabi talde daude martxan: Donostian, Zarautzen, Zumaian, Eibarren, Urretxu-Zumarragan, Legazpin, Beasainen, Aretxabaletan, Arrasaten, Azpeitian... Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, talde guztietan nabaritu dute partaideen beherakada, eta gertukoren baten kontsumoak kezkatutako guztiak animatu dituzte talde horietan parte hartzera. Azpeitian, esaterako, hileko lehen astelehenean bildu ohi dira, Soreasu kaleko 2. zenbakian. Saioetan parte hartu nahi dutenek telefono honetara dei dezakete: 685 70 38 18.