Kultura Saretzen sarearen batzar nagusia egin dute gaur, ostegunez, Sanagustin kulturgunean. Kultur praktikak eta esperientziak partekatzea xede duen sare horretan Gipuzkoako udal guztiek parte hartzen dute, eta gaurkoan 50 bat zinegotzi eta kultura teknikari elkartu dira Azpeitian. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak aurten bultzatu dituen kultur politikak eta etorkizunerako planak aztertu dituzte bilkuran.
Dinamoa sormen gunean hasi dute jardunaldia, Mari Jose Telleria Kultura diputatuak emandako ongietorriarekin eta eremuan barrena egin duten bisitarekin, eta Sanagustin kulturgunean eman diote gero segida jardunaldiari. Han egin duten bileran lau gai landu dituzte nagusiki: Dantzagunea proiektua, Kursaal Eskura egitasmoa, Francisco Escudero kontserbatorioaren eskaintza eta Rekreakult proiektua.
Kultura diputatuak azaldu duenez, bultzatzen ari diren kultur politikek lurralde oreka dute helburu, baita kulturaren sektorean enplegua sendotzea eta arte diziplinak gazteengana gerturatzea ere, "haien sentsibilitatean eragiteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko".