Beste ekintza asko bezala, Julian Barrenetxea abesbatzaren Jaiotza eta Gabon kantuen kalejira eta eskea ere bueltan dira aurten, pandemiaren bi urteko etenaren ondoren.
Gabon egunaren arratsean, abenduaren 24an, 18:00etan hasiko da Jaiotzaren kalejira, Perez Arregi plazan. Handik abiatuta, Alde Zaharreko kaleak eta plazak zeharkatu ondoren, Olazko Andre Mariaren plazan bukatuko dute kalez kaleko kantu eskea. Biltzen duten dirua Parrokiako Caritasi emango diote aurten ere.
Ohi dutenez, nahi duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte Barrenetxeakoek beraiekin batera Jaiotzarekin kantuan ibiltzera. Horretarako, Gabon kanten entsegu irekia egingo dute datorren astelehenean, hilaren 19an, abesbatzaren Soreasuko lokalean –Bandakoen lokal bera da–, 20:00etan.