Pipi Cardellen solasaldiarekin, amaitu dira Mendi Asteko saioak

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 16a, 12:59

Pipi Cardell eskalatzaile eta mendizaleak eman du Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Asteko azken hitzaldia. Harekin batera, Denis Urubkok azken liburuaren nondik norakoak azaldu ditu. Abenduko Mendi Astearen "balorazio oso ona" egin du mendi elkarteak.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Astearen barruan, hiru solasaldi izan dira egunotan Soreasu antzokian. Atzo, osteguna, egin zuten azken saioa; hain zuzen ere, Pipi Cardell eskalatzaile eta mendizalea aritu zen hizlari. Eskalatzailea, mendizalea, eskiatzailea, alpinista… da Cardell. Mendiarekin lotutako ia diziplina guztiak ukitu ditu hark, eta maila ona erakutsi du guztietan. Granadarrak Sierra Nevadan eman zituen lehen pausoak, baina aspaldi egin zuen mundura jauzi (Chapayev edo Gasherbrum IIn egindako lanak dira horren adibide), eta egun Espainiako Estatuko alpinista esanguratsuenetarikoa da. Cardellez gain, Denis Urubko ere bertaratu zen atzoko saiora, aurten argitaratu duen liburua aurkeztera.

Lagun Onak Mendi Bazkunak Mendi Astearen "balorazio oso ona" egin du. Guztira, 180 pertsona baino gehiago bertaratu dira hiru emanaldietara. "Aho zapore gozoa utzi digu aurtengo neguko Mendi Asteak. Hiru emanaldi izan dira, maila oso altukoak hirurak, zeinetan emakumeak izan diren protagonista. 40 lagun inguru elkartu ginen asteartean Silvia Trigerosen ibilerak entzuteko, 70 pertsona hurbildu ziren Silvia Vidal ikustera, eta dozena bat gehiago atzo, Pipi Cardell eta Denis Urubkorekin gozatzeko. Eskerrik asko egitasmoa aurrera eramaten lagundu diguzuen eragile eta laguntzaile guztiei, eta nola ez, emanaldietara hurbildu zareten denoi. Laster arte!", adierazi du Lagun Onak Mendi Bazkunak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide