Erika Olaizola azpeitiarraren eta Amancay Gaztañaga zestoarraren Krak film laburrak irabazi du 2022ko K-saria. Ospel filmsek eta Kulturazek antolatutako II. Hator Hator Horror Fest jaialdiaren barruan antolatu dute sariketa, eta zinekluben epaimahaiak erabaki du K-saria nori eman.
Orotara, 254 animaziozko edo fikziozko euskal film aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta atzo arratsaldean banatu zuten saria, Soreasu antzokian, Hator Hator Horror Fest jaialdiaren hasierako ekitaldian. 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute Gaztañagaren eta Olaizolaren filma.
Zinemaren festa eta Hellraidfest
Hellraiser filmaren emankizunarekin eta K-sariaren banaketarekin hasi zen Hator Hator Horror Fest jaialdiaren bigarren edizioa. Beldurrezko finemaren festa hasi besterik ez da egin, ordea. Gaur goizean zehar 10:30ean hasita animaziozko hamar fil labur eskainiko dituzte Soreasun. Honako hauek dira ikusgai izango diren filmak: a Nueva
Phantasmagoria, Luna, El Semblante, La Luz, Ad Inferos, 665, El Autor, Solo Hay Una eta Safe.
12:00etatik aurrera, aldiz, bederatzi fikziozko film labur: Sangre Sangrienta, Ashkasha, Amanece la noche mas larga, Bottle Rocket To Pluto, Kafka's Doll, Los Dias Que (Nunca) Fueron, Paralelos, The Monkey, Zombie Meteor.
Arratsaldean bi film izango dira ikusgai Soreasun: 16:30ean Mad Heidi eta 18:30ean Unicorn Wars. Alberto Vazquez zinemagile bilbotarrak zuzendutako lana da Unicorn Wars, eta 2023 Goya sariketarako hamabi izendapen jaso ditu.
Gauean, Asgarth eta Txatar musika taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da Sanagustin kulturgunean, Hellraidfest izena jarri dioten hitzorduan. Emanaldiak 22:30ean hasiko dira, eta doakoak izango dira. Asgarth taldeak bere bosgarren album musikala, Zeldatik, plazaratuko du Azpeitian. 17 urte igaro dira azken album kaleratu zutenetik. Era berean, Azpeitiko Txatar heavy taldea ere izango da kulturgunea musikaz betetzen. Legen Beltzatik zarata egiteko gogoz gelditu ziren kide batzuek osatu dute Txatar. Hain zuzen, Xanti Rodriguez, Edorta Azkune eta Joseba Azkunek sortutako taldea da Txatar.