Urteko Kirolaria sarietan Mirari Uria, Gorka Karapeto eta Jose Mari Perez izan dira nabarmenduak

Nerea Uranga 2022ko abe. 17a, 14:04

Azpeitiko Urteko Kirolaria sariak banatu ditu gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Udalak. 27 kirolarik eta boluntariok jaso dute aitorpena.

Beste urte batez, urtean zehar egindako lana eta lortutako garaipenak aitortu dizkiete herriko kirolariei Azpeitiko Udalak eta kirol klubek. 27 kirolari eta kirol elkarteetako boluntario izan dira Urteko Kirolaria sarietarako hautagaiak. Horien artetik honakoak izan dira sarituak: emakumeetan Urteko Kirolaria Mirari Uria Realeko futbolaria izan da, gizonetan Gorka Karapeto eta boluntarioetan Jose Mari Perez Lagun Onak futbol klubeko delegatua.

Emakumeetan Azpeitiko kirolari onenaren saria Mirari Uria Realeko jokalariak jaso du Egoitz Arruti Kiroletako zinegotziaren eskutik. Uriari saria emateko arrazoiak hala azaldu ditu Koldo Aldalur ekitaldiaren aurkezleak: "LagunOnak futbol taldeko harrobian hazi eta hezi zen Uria, eta 2018-2019 denboraldian Realera egin zuen jauzia. Urtebete geroago, 2019-2020 denboraldian, talde nagusiarekin debuta egin zuen, Anoetan. Umiltasunez eta adorez, pauso handiak ematen ari den emakume futbolaria da, eta iaz 19 urtez azpikoen Europako Txapelketa irabazi zuen. Aurten, berriz, 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa irabaztea lortu du Espainiako selekzioarekin. Kirol emaitzez gain, kirolari gazte askorentzat erreferentea eta eredu izateagatik, 2022. urteko Emakume Kirolari Onenaren saria ematea erabaki da".

Gizonetan, Gorka Karapeto eskalatzaileak jaso du Urteko Kirolariaren saria, baina hura lanean kanpoan dela, eta haren amak jaso du saria Haritz Azpiazu zinegotziaren eskutik. Karapetoren balentria honela azaldu dute ekitaldian: "Karapeto gure herrialdeko kirol eskaladan klasikoa da jada. 41 urte ditu, eta azken bi hamarkadetan eskalada lehiaketetan lan eta lorpen garrantzitsuak egin ditu; hasieran, lehiakide gisa eta gero, berriz, euskal taldearen arduradun bezala. Gaur egun, bere rokodromoa zuzentzen du Iruñean, eta harkaitzean eskalatzen segitzen du erronkak gaindituz.
Azken lorpena azaroan lortu zuen, La Lezen (Ilarduia, Araba) Zepelutza bidea lotzea erdietsita; hori izan da bere lehen 9a+ mailako bidea. Gutxi batzuren esku dagoen maila lortzeagatik, Urteko Kirolaria saria ematea erabaki da Karapetori".

Boluntarioen artetik, Urteko Kirolaria saria Jose Mari Perezek jaso du Jon Beristain zinegotziaren eskutik. Urteetan Lagun Onak futbol taldean egindako lanagatik saritu dute Perez: "Hamalau urte daramatza Lagun Onak Futbol taldeko Espainiako Hirugarren Mailako taldearen delegatu. Astero-astero, besteak beste, honako funtzioak eginez: entrenamendu zein partidetan gertatzen diren gorabehera jasoz eta dagokionari jakinaraziz, zelairatu beharreko jokalarien kudeaketa eginez, erabilitako material guztia bilduz, eta taldearen zein klubaren irudia mantentzeko beharrezko jokabidea sustatuz".

27 herritarri aitortza

Urteko Kirolaria sarietan hautagai izatearen aitortza honakoek jaso dute gaurko ekitaldian:

- Urteko Kirolaria emakumeak: Asley Mallo (judo), Ainara Iturralde (saskibaloia)
Uxue Etxeberria, Maier Lizarburu, Anne Sagarmendi eta Mirari Goenaga (igeriketa),
Arantzazu Araneta (automobilismoa), Nagore Aramendi (euskal pilota), Maialen Azpiazu
(triatloia) eta Mirari Uria (futbola).

- Urteko Kirolaria gizonak: Gabriel Carmona (judoa), Iker Egiguren (pilota),
Oier Alkorta (erreminta), Josu Zelaia (atletismo), Aitor Zubizarreta (saskibaloia), Iker
Zabaleta (txirrindularitza), Ohorezko erregional mutilen taldea (futbola), Aitor Priya (xakea), Unai
Alonso (karatea), Asier Leon (MTB) eta Gorka Karapeto (eskalada).

- Urteko Kirolaria boluntarioak: Aner Arregi (Kodaore judo elkartea), Unai Alkorta
(Ikasberri kirol elkartea), Arkaitz Blanco (Urraki Eskuderia), Azpeitiko herritarrak
(Lagun Onak MB), Mikel Labiano (Iraurgi SB), Mailu Segurola (Izarraitz Igeri Elkartea),
Migel Angel Gomez (Xaputarrak Xake Elkartea), Jose Maria Perez (Lagun Onak futbol taldea), Jon
Larrañaga (Karate Elkartea) eta Ilunpeko kideak (Ilunpe pilota elkartea). 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide