Haurrak izan dira protagonista II. Hator Hator Fest jaialdiaren azken egunean

Nerea Uranga 2022ko abe. 18a, 15:24

Marrazki tailerra, makillaje tailerra eta animaziozko pertsonaien inguruko erakustaldia izan dituzte gaur Sanagustin kulturgunean, Ospel Filmsekoen eskutik.

Ostiralean hasi zen II. Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema jaialdia Ospel Filmsek antolatuta, Azpeitiko Udalaren eta Kulturazen laguntzarekin. Gaur egin dituzte jaialdiko azkenengo ekintzak Sanagustin kulturgunean; haurrei zuzendutakoak izan dira.

Marrazki tailerra egin dute aurrena, eta hainbat irudi margotzeko nahiz sortzeko aukera izan dute Sanagustinen bildutako haurrek. Segidan, Xanti Rodriguezek animaziozko pertsonaiak sortzearen inguruko azalpenak eman dizkiete haurrei. Bertatik bertara, hainbat pertsonaia ikusi ahal izan dituzte haurrek Sanagustingo pantaila handian, eta pertsonaiekin elkarrizketak izateko nahiz dantzatzeko aukera izan dute; pertsonaiak Xanti Agirrezabala aktoreak interpretatu ditu. Bukatzeko, makillaje tailerrean aurpegiak margotzeko aukera izan dute haur eta gaztetxoek.

Ostiralean hasita

Hellraiser filmean oinarrituta egin dute aurtengo kartela, eta film horren emanaldiarekin hasi zuten jaialdia joan den ostiralean Soreasu antzokian. Emanaldi horren barruan, 2022ko K-saria banatu zuten. 254 animaziozko eta beldurrezko film labur aurkeztu dira aurten sari horretara, eta Erika Olaizola azpeitiarraren eta Amancay Gaztañaga zestoarraren Krak film laburrak irabazi du. 

Jaialdiaren bigarren jardunaldian, atzo, goizez eta arratsaldez zinema, eta gauez musika izan ziren osagai nagusiak. Goizean film laburrak ikusteko aukera izan zen Soreasun, eta arratsaldean, toki berean bi film luze izan ziren ikusgai: Unicorn Wars eta Mad Heidi.

Atzoko eguna, berriz, Asgarth eta Txatar heavy metal taldeen kontzertuekin borobildu zuten Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide