Irudhitzen lehiaketaren VI. edizioa

Oier Etxeberriak irabazi du VI. Irudhitzen lehiaketaren testuen atala

Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 10:14

Oier Etxeberria irabazlea.

Irabazleak 150 euroko saria jaso du. Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa astelehenean, abenduak 26, zabalduko du Uztarriak, Sanagustin kulturgunean.

Oier Etxeberria izan da Uztarria Komunikazio Taldeak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren seigarren edizioaren irabazlea. 2023. urteko egutegia osatzeko bidean, Uztarriak herriko sei argazkilariren kolaborazio bidez osatu ditu argazkiak (Alberto Beloki, Nora Alberdi, Alaitz Ruiz, Alex Berasategi, Haizea Salegi eta Jon Olaizola); horietako bakoitzak bi argazki utzi ditu egutegirako.

Ondoren, argazki horiei hitzak jartzeko lehiaketa egin zuen Uztarriak, eta hamar lagunen lanak aukeratu ditu egutegian argitaratzeko: Asier Garmendia, Ainhoa Odriozola, Jon Aizpuru, Ixabel Jauregi, Maialen Larrañaga, Oier Etxeberria, Suhar Gesalaga, Joanes Azpillaga, Unai Zubimendi eta Unai Oñederra. Argitaratutako hamabi lanetatik Oier Etxeberriaren testua izan da irabazlea, epaimahaiak hala erabakita, eta hark eskuratu du 150 euroko diru saria.

Honako hau da Etxeberriak idatzitako testua:

Larunbat arratsaldeko
kaleratze kontratuak
kuadrilla zirkularraren
pintxo pote sakratuak
ardo kopek elkar joka
ongi bizien tratuak
tranpaldoan garbitzeko
auzokoaren trapuak
farolek ostendutako
zohardi izarratuak
zer lioke perspektibak
balekuski urratuak
harreman sareetarako
epizentro karratuak.

Banaketa eta erakusketa

Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudi eta testurekin osatutako 2023ko egutegi hori hasi dira jasotzen, dagoeneko, Uztarriaren bazkide guztiak. Erakusketa, berriz, astelehenetik, abenduak 26, aurrera izango da ikusgai Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide