Ehun dortsal baino ez dira gelditzen San Silbestre lasterketarako

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 20a, 11:18

2021eko San Silbestre lasterketako irudi bat. (Anartz Izagirre)

Dagoeneko saldu dituzte 680 dortsal –guztira, 800 dortsal kaleratu dituzte–. Izena eman duten horietatik %41 emakumeak dira; gainera, 408 azpeitiarrek eta 179 azkoitiarrek eman dute proban izena. Izen ematea kirolprobak.com helbidean egin daiteke.

Joan zen abenduaren 5ean zabaldu zuten San Silbestre lasterketan izena emateko epea, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko saldu dituzte 680 dortsal –guztira, 800 dortsal kaleratu dituzte–. Izena eman duten horietatik %41 emakumeak direla nabarmendu dute; gainera, 408 azpeitiarrek eta 179 azkoitiarrek eman dute proban izena. Antolakuntzak 25 dortsal "bere konpromisoetarako" gorde ditu, eta beraz, ehun dortsal baino gutxiago gelditzen dira eskuragarri.

Izen ematea kirolprobak.com helbidean egin daiteke. Internet bidez izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak gelditzen badira, abenduaren 30ean eta 31n ere eskuratu ahal izango dira Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta.

Joan zen astean egin zuten lasterketaren aurkezpena hedabideen aurrean Xeye atletisko taldeko kideek eta Azpeitiko Udaleko zein Marea Urdinako ordezkariek, eta han azaldu zituzten aurtengo edizioaren berrikuntzak. Besteak beste, lelo eta irudi berriarekin dator aurtengo proba; Ondo bukatu, hobeto hasi! dio lelo berriak.

Gainera, ibilbide berria izango du lasterketak. Plazan hasiko da lasterketa, eta Erdikaletik igarota, Damasoko zubira hartuko dute korrikalariek. Enparan dorretxearen ingurutik Artzubiko biribilgunerako hartuko dute, ondoren Goikokaletik igarotzeko. Errebaletik igota, Matxinada kalera hartuko dute korrikalariek, eta handik Artzubirantz joango dira. Zezen plazatik igarota, Garmendiko biribilgunean itzulia egingo dute, eta handik Enparanera hartuko dute berriro. Damasoko zubia igarota, Perez Arregi plazatik parrokiara hartuko dute, eta Done Jakuetik plazara iritsiko dira. Hiru kilometro eta erdi izango ditu lehen itzuli horrek. Bigarren itzulia plazatik hasiko da, eta korrikalariek Errebalerantz hartuko dute, berriro ibilbide bera egiteko. Bigarren itzuliak bi kilometro eta erdi izango ditu. Ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa.

Inklusioaren aldeko lasterketa ere egingo dute aurten, izurria dela eta, iaz bertan behera gelditu baitzen proba hori. Lasterketa irekiak ere ibilbide berria izango du, eta Alde Zaharrean barrena egingo dute, 10:00etan hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide