Bi urteko geldialdiaren ostean, jendetza eta alaitasuna Santo Tomas egunez

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 21a, 16:05

Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jende ugari elkartu da herriko kaleetan Santo Tomas egunez. Baserritar jantziak soinean eta txorizoa eta taloa eskuetan, gogotik ospatzen ari dira azpeitiarrak festa eguna.

Azken bi urteotan ez da ohiko Santo Tomas egunik izan Azpeitian, COVID-19aren izurriak eraginda, eta gaur ederki nabaritu da hori herritarren artean. Izan ere, gaurkoan jendetza atera da kalera, eta eguraldi ezin hobeak lagunduta, alaitasuna nagusitu da herriko kaleetan barrena. Baserritar jantziak soinean eta txorizoa eta taloa eskuetan, gogotik ospatzen ari dira azpeitiarrak Santo Tomas eguna.

Eguneko lehen hitzordua Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalena izan da. 10:00etan hasi dituzte norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan, eta mailaz maila, hainbat partida jokatu dituzte pilotari gaztetxoek. Honako hauek izan dira gaurko finaletako emaitzak: aurrebenjaminetan, Martin Egiguren eta Beñat Eskudero Luka Aizarnaren eta Unax Albizuren aurka aritu dira (13-16); benjaminetan, Ekaitz Manzisidor eta Izar Bengoetxea Eneko Martijaren eta Lore Lizarralderen kontra (16-13); benjaminetan, banaka, Xuban Arandia eta Janitz Goenaga buruz buru aritu dira (16-6); kimuetan, Kaiet Aizarna eta Julen Eizagirre elkarren kontra aritu dira (14-16); kimuetan, banaka, Iker Oiartzabal eta Markel Zorroza Paul Egigurenen eta Oihan Aranbururen aurka (16-13); infantiletan, Hodei Clavijo eta Unai Beristain parez pare (18-16); eta infantiletan, banaka, Eneko Bidezabalek nahiz Ioritz Arsuagak (2-18) jokatu dute azken neurketa. Ilunpe pilota elkarteak, gainera, otarrea zozkatu du partidak amaitzean, eta 3.037 izan da zenbaki saritua; Markel Zorrozarentzat izan da saria.

Goiz eta eguerdi partean, musika eta kalejirak izan dira protagonista; izan ere, Izarraitz txistulari taldea, Udal Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako soinu jotzaileak, Itsasiko ttuntturroak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta erraldoiak nahiz buruhandiak ibili dira kalez kale. Gainera, usadioari jarraituz, herri kirol erakustaldiak eta bertsolarien emanaldiak hartu dute plaza. Halaber, 30 bat ekoizlek postuak jarri dituzte Azoka Plazan, eta aurten, sei jan-edanerako postu jarri dituzte herriko ikastetxeek nahiz eragileek.

Arratsaldean, berriz, Josu Rodriguez eta Asier Hernandez DJek alaituko dute giroa plazan, eta 18:00etan, Skapaie elektrotxarangak askotariko doinuak eramango ditu Alde Zaharreko kaleetara. Era berean, Gazteen XXI. Dantza Suelto Txapelketa izango da, 18:30ean hasita, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide