Domusa Teknik Azpeitia Cupen sailkapen fasea jokatuko dute asteazkenetik ostiralera bitartean

Andoni Elduaien 2022ko abe. 26a, 09:00

Iaz jokatutako Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketako irudi bat. (Domusa Teknik Azpeitia Cup)

Etzi hasita, 35 futbol taldek parte hartuko dute ostiralera bitartean 2023. urteko Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketaren sailkapen fasean. Lagun Onak futbol klubak, besteak beste, lau talde izango ditu lehian.

Alebin mutilen Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren 2023. urteko sailkapen fasea jokatuko dute asteazkenetik ostiralera bitartean —abenduak 28, 29 eta 30—, Garmendipe kirol guneko futbol zelaietan. Guztira, 35 talde ariko dira lehian, eta horien artean daude, besteak beste, Lagun Onak, Anaitasuna, Amaikak Bat, Antiguoko, Les Englantins, Basander eta DUX Logroño. Asteazkenean, 09:30ean hasiko dira partidak Garmendipen, ostegunean, 09:00etan, eta ostiralean, 09:30ean. Aldiz, hiru egunetan 18:30ean hasiko dute eguneko azken partida. 

Asteazkenean eta ostegunean, ligaxkako partidak jokatuko dituzte talde guztiek. Lehen bi egunetan maila onena erakutsi duten hamabost taldek lortuko dute ostiraleko sailkapen fasean aritzeko txartela. Dena den, azken egunean lau taldek besterik ez dute lortuko 2023ko Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketara sailkatzea.

Lau talde horiek Espainiako Lehen eta Bigarren Mailetako klub handien harrobiko taldeek aurka lehiatzeko aukera izango dute orduan. Aurreko edizioetan Garmendipeko futbol zelaietan izan dira, besteak beste, Realaren, Athleticen, Bartzelonaren, Atletico Madrilen, Valentziaren, Real Madrilen, Vila-realean, Betisen, Celtaren, Espanyolen, Eibarren eta Alavesen harrobietako taldeak. 

Honako lotura honetan ikus daitezke sailkapen fasean parte hartuko duten 35 taldeek hiru egunetan jokatuko dituzten partiden ordutegiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide