Inozenteen Eguneko albistea

Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu du UNESCOk Azpeitiko Elegante Eguna

Julen Perez 2022ko abe. 28a, 08:45

Aurtengo Jai Karnabaleko artzain-inudeen kalejirako irudi bat. (Arnaitz Rubio)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Balio historikoak, kulturalak eta tradizionalak jasotzen ditu Kultura Ondare Immaterialak, eta hainbat festak zein tradiziok dute izendapen hori; besteak beste, Donostiako danborradak eta Valentziako fallek. 2023tik aurrera Elegante Eguna ere zerrenda horretan egongo da, UNESCOk hala erabakita.

Azpeitiko jairik preziatuenetako bat da askorentzat Jai Karnabalean egiten den Elegante Eguna, eta nazioartetik aitortza iritsi da orain. Izan ere, UNESCO erakundeak Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu du Elegante Eguna. Balio historikoak, kulturalak eta tradizionalak jasotzen dituen izendapena da Kultura Ondare Immateriala, eta artzain-inudeen kalejira, Jai Karnabaleko zezenaren irteera eta Hementxe dala abestia jarri dituzte adibide UNESCOko kideek. Hain zuzen ere, ekitaldi horiek "tokiko nahiz nazioarteko kulturari egiten dioten ekarpena" azpimarratu du erakundeak, eta datozen egunetan emango dituzte erabakiaren inguruko xehetasun guztiak.

Espainiako Estatuan hainbat jaik eta tradiziok dute izendapen hori; besteak beste, Valentziako fallek eta Kordobako patioek, baina Euskal Herrian, orain arte, Donostiako danborrada izan da Kultura Ondare Immaterialaren izendapena jaso duen festa bakarra. 2023. urtetik aurrera Elegante Eguna gehituko da zerrenda horretara. Azpeitiko Udalak eta gainontzeko eragileek oraindik ez dute albistearen inguruan ezer esan.

(Albistea osatzen ari gara).

Abenduak 28, 18:00: Uztarriak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide