Plaza eta ilusioak gainezka zirela egin diete ongietorria Olentzerori eta Mari Domingiri

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 24a, 14:14

Azken bi urteotan, izurriak baldintzatuta, ezohiko moduan egin zaie bi ikazkinei harrera, baina gaurkoan, normaltasuna itzuli da herrira. Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, plazak eta ilusioek gainezka egin dute.

Iritsi da abenduaren 24a, Gabon eguna, eta gaurko egunez ohikoa den moduan, haurrek eta gaztetxoek bisita berezia jaso dute. Hain zuzen ere, Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Azpeitira, eta herritarrek haiek agurtzeko aukera izan dute eguerdi partean. Azken bi urteotan, izurriak baldintzatuta, ezohiko moduan egin zaie haiei harrera, baina gaurkoan, normaltasuna itzuli da herrira. Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, plazak eta ilusioek gainezka egin dute.

11:45 aldean, San Martin egoitzara joan dira bi ikazkinak, hango egoliarrei bisita egitera, eta ondoren, 12:30ean, egoitzatik hasi dute biek ala biek kalejira. Ez dira, baina, bakarrik ibili kalez kale. Izan ere, ttuntturroak, txistulariak eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien laguntzarekin ibili dira Olentzero eta Mari Domingi gurdian, eta argitxo gaztetxoak izan dituzte lagun. Artzubiatik Goiko kalera joan dira aurrena, eta plaza igarota, Enparan kalera eta Perez Arregi plazatxora. Erdikalea zeharkatuta, bueltan iritsi dira plazara.

13:00etan hasi da plazako ekitaldia. Itsasi dantza taldeko haurrek agurra dantzatu diete bi lagunei, eta ondoren, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek bertsoak kantatu dizkiete. Olentzerok nahiz Mari Domingik gaztainak eman dizkiete plazara joan diren umeei, eta elkar agurtzeko aprobetxatu dute abagunea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide