Bilboko hilketa matxista salatu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko abe. 28a, 12:57

45 urteko emakume bat hil du gizon batek Bilbon, eta mugimendu feministaren mobilizazioekin bat egingo duela jakinarazi du udalak. Era berean, hildakoaren senitartekoei zein gertukoei elkartasuna adierazi die erakundeak.

Berria egunkariak duela minutu batzuk iragarri duenez, 44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. 09:00etan gizonak berak deitu die udaltzainei, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta ustezko hiltzailearen arteko harremana.

Gertaera horren berri izan bezain pronto, Azpeitiko Udalak hilketa matxista gaitzetsi du, eta jakinarazi du bat egingo duela mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin. Era berean, biktimaren senitartekoei zein gertukoei elkartasuna adierazi die erakundeak.

"Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo larria da gizartean. Azpeitiko Udalak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi nahi du, beste behin, ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura da", azaldu du udalak. Horrez gain, ikastetxeetan hezkidetza programen zein beste hainbat ekimenen bitartez "berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean" jarraituko dutela azpimarratu du.

Era berean, erasoren bat jasanez gero laguntza jasotzeko telefonoak zeintzuk diren gogorarazi du erakundeak:

Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13

Ertzaintza: 943-08 37 80

Larrialdi Zerbitzuak: 112

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide