GI-631 errepideko zubiak indartzeko lanak amaituta, bihar irekiko dituzte guztiz errepidea eta bidegorria

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 17:22

Errepidea guztiz ireki dute Garmendigainean. (Andoni Elduaien)

Lau hilabete eta erdiko lanen ostean, amaitu dituzte GI-631 errepideko Azpeitiko bi zubiri errefortzuak jartzeko lanak. Garmendigaineko lanak amaitu dituzte langileek, eta amaitzear dituzte Madalenatik Ezkuztara bidekoak. Hori horrela, bihar, ostirala, zabalduko dute guztiz errepidea, baita bidegorria ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak amaitutzat eman ditu Azpeitian GI-631 errepidean dauden bi zubiren egitura indartzeko lanak. Garmendigainekoa da konpondu duten zubietako bat, eta, bestea, Madalenatik Ezkuztara bidekoa, gasolindegira iritsi aurretik dagoena, hain zuzen. Lanak amaituta, seinaleak kendu dituzte errepidetik eta erabat irekiko dute bihar, abenduak 30, ostirala. Zubiotako baten azpitik doan bidegorriaren zatiari ere eragin diote obrek, eta hura ere bihar irekiko dute.

Bi zubietako egitura sendotzeko lanak lau hilabete eta erdian gauzatu ditu Aldundiak. Egitura osoa berritu eta sendotu dizkiete bi zubiei, "indarrean den araudia betez" eta errepide horretatik zirkulatzen duen "egungo trafikoa kontuan hartuta". Bi zubiak profil metalikoekin indartu dituzte, horiek egituran dituzten habeen azpian erantsiz. "Irtenbide hori iraunkorragoa eta egokiagoa da zoruari eusteko eta sistemetarako indartzeko", adierazi du Aldundiak ohar bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide