Izen-emate guztiak beteta, 800 lasterkarik parte hartuko dute biharko San Silbestre lasterketan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 10:39

Iazko San Silbestre lasterketako irudi bat. (Anartz Izagirre)

800 izen-emateak "uste baino lehenago" bete zaizkiela adierazi dute Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo talde antolatzaileko kideek. "Ibilbideak uzten badu", datorren urtean "partaide kopurua igotzen" ahaleginduko direla adierazi dute. Dortsalak gaur arratsaldean nahiz bihar lasterketa hasi baino lehen jaso ahalko dituzte parte hartzaileek. 11:30ean hasiko da proba inklusiboa, eta 12:00etan abiatuko dira izena emandako 800 korrikalariak, aurten, herrigunea zeharkatzera.

Gaurko eta biharko egunak besterik ez dira falta urtea amaitzeko, eta ohi bezala, Azpeitian San Silbestre lasterketa eginez agurtuko dute 2022. urtea. 21. aldiz egingo dute bihar herrian proba; aurten, Ondo bukau, hobeto hasi lelopean. "Urteko azken eguna kirola eginez, inklusibitateari keinu eginez, lagunartean eta giro onean bukatzea espero dugu", azaldu dute Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo talde antolatzaileko kideek.

Izena emateko epea itxita dute dagoeneko, eta antolatzaileek adierazi dute 800 plazak "uste baino lehenago" bete zirela. Parte hartzaileen inguruko xehetasunak ere eman dituzte antolakuntzako kideek. Hain zuzen, parte hartzaileen %40 emakumeak dira. Halaber, guztira, 461 azpeitiarrek eman dute izena eta 212 azkoitiarrek. Lasterketan parte hartzeko dortsalak gaur, ostirala, 17:00etatik 20:00etara banatuko dituzte plazan, baita bihar, larunbata, 10:00etatik 11:30era bitartean ere.

Dena den, jakinarazi dute "ibilbide berriak uzten badu", datorren urtean "partaide muga igotzen" ahaleginduko direla. Era berean, dortsala lortu ez duten herritarrei "zuhurtziaz" jokatzeko eta "lasterketan ez irteteko" eskatu diete. "Istripuren bat gertatuz gero, ez dute izango inongo asegururik izango, eta, gainera, pilaketak sortzeko arriskua areagotuko litzateke".

Lasterketaren xehetasunak

Azpeitiko 21. San Silbestre Lasterketa 11:30ean hasiko da. Orduan, proba inklusiboari emango diote irteera, eta 600 metroko ibilbidea osatuko dute herriko kaleetan barrena. Lasterketa horri ekin aurretik, ordea, '0' dortsala emango diete Txolarteko, Gautenako eta Marea Urdinako kideei. Antolatzaileek nahi dute San Silbestre lasterketako parte hartzaileek proba inklusiboa beroketa bezala hartzea. "Hiru kolektibo horiei babesa emateko modurik politena litzateke", nabarmendu dute. Halere, proba inklusiboan edonork izango du parte hartzeko aukera, ez baita ez izenik eman beharko, ez dortsalik jantzi ere.

Bestalde, lasterketan era batera edo bestera lagundu nahi duenak horretarako aukera izango du honako formularioa honetan izena emanda. Antolatzaileek adierazi dute boluntario guztiek ere asegurua izango dutela. Halaber, ostalaritzako tabernak alde batera utzi eta plazan, parke estalian eta Izarraitz frontoian jarriko dituzten komun publikoak eta aldagelak erabiltzeko ere eskatu dute.

Aurten, gainera, ibilbide berria izango du San Silbestre lasterketak. Antolatzaileen arabera, azken urteetan "trafiko arazo ugari" sortu dizkie Loiolako hiribidean sartzeak, eta horregatik erabaki dute ibilbidea aldatzea. Dena den, distantzia berbera izango du probak. "Sei kilometroko luzera duen ibilbide berria diseinatu dugu, herrigunetik irten gabe", adierazi dute. Lasterketaren informazio guztia honako lotura honetan jaso ahalko dute parte hartzaileek.

Hona hemen ibilbidearen planoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide