Aitor Mimenza eta Jone Zabaleta txapeldun, XXI. San Silbestre lasterketan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 31a, 16:05

2018ko bi irabazleek jantzi dute gaur ere txapela San Silbestre lasterketan. Mimenza Azpeitiko bizilaguna izan da irabazlea gizonezkoetan, eta Zabaleta korrikalari azkoitiarra emakumezkoetan. Hemezortzi minutu eta hamasei segundo behar izan ditu Mimenzak lasterketa irabazteko, eta 22 minutu eta hamabost segundo Zabaletak.

Abenduak 31 da gaur, eta ohi bezala, XXI. San Silbestre Lasterketa egin dute Azpeitiko kaleetan zehar. 2018. urteko San Silbestre lasterketako bi irabazleek jantzi dute gaur ere txapela Azpeitiko plazako kioskoan: gizonezkoetan, Aitor Mimenza Azpeitiko bizilagunak, eta emakumezkoetan, Jone Zabaleta azkoitiarrak.

Ondo bukau eta hobeto hasi izan da aurtengo lasterketarako hautatu duten leloa, eta eguraldia lagun, urtea kirola eginez, lagunartean eta umore onez amaitu nahi izan dute gaur lasterketan parte hartu dutenek. Hasteko, proba inklusiboa egin dute 11:30ean. Gautenako, Txolarteko eta Marea Urdinako kideei '0' dortsalak banatu dizkiete lehenik, eta bozina hotsak jo orduko abiatu dira plazan behera lasterkariak; haur eta gaztetxo askok parte hartu dute eguneko lehen lasterketan. Plazako erlojuak 12:00etako seinalea jo bezain laster abiatu da San Silbestre lasterketa nagusia. Nahiz eta probako izen-emate guztiak beteta zeuden, 750 lagun abiatu dira azkenean irteera lerrotik.

Gaurko lasterketak ere bi protagonista nagusi utzi ditu: Aitor Mimenza eta Jone Zabaleta. Mimenzak hemezortzi minutu eta hamasei segundo behar izan ditu probako sei kilometro osatzeko. Haren atzetik sartu da helmugan Amets Aranberri; zestoarrak hemezortzi minutu eta 48 segundo behar izan ditu irteera eta helmuga lotzeko. Gizonezkoetan hirugarrena Pedro Muñoz azkoitiarra izan da; hark hemezortzi minutu eta 55 segundoan osatu du proba.

Emakumezkoetan, Jone Zabaletak 22 minutu eta hamabost segundoan amaitu du lasterketa. Azkoitiarraren atzetik bi azpeitiar sailkatu dira: Eneritz Aramendi, bigarren, eta Naroa Uria, hirugarren. Aramendik 23 minutu eta 29 segundoan egin du lasterketa, eta Uriak 23 minutu eta 59 segundoan.

Dena den, Azpeitiko eta Azkoitiko lehen lasterkariak ere saritu dituzte gaurkoan. Azpeitiarren artean, Eneritz Aramendi eta Julen Azpiazu —bosgarren sailkatu da, hemeretzi minutu eta bederatzi segundoan osatu du ibilbidea— izan dira onenak, eta azkoitiarren artean, Jone Zabaleta eta Pedro Muñoz. Proba amaitu bezain laster egin dute sari banaketa plazako kioskoan, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Egoitz Arruti kirol batzordeburuak banatu dituzte garaikurrak eta sariak Txolarte, Gautena eta Marea Urdina elkarteetako zenbait lagunekin batera.

Honako lotura honetan ikus daitezke gaurko probaren sailkapen orokorra eta korrikalari bakoitzak egindako denbora zehatza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide