Errege Magoen laguntzaileek bihar arratsaldean jasoko dituzte gutunak

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 3a, 09:00

Sanagustinpean jasoko dituzte umeen gutunak, 17:30etik aurrera. Errege Magoak, berriz, etzi, hilak 5, iritsiko dira herrira.

Errege Magoen laguntzaileak bihar, asteazkena, etorriko dira herrira, umeen gutunak jasotzera; 17:30etik aurrera Sanagustinpean egongo dira. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta iritsiko dira pajeak udaletxe azpira, eta herriko umeek horiei Errege Magoentzat idatzitako gutunak emateko aukera izango dute.

Erregeak, berriz, etzi iritsiko dira herrira. Aurrena, 17:00etan, Lasaoko haurrak agurtuko dituzte, eta ondoren, txu-txuan trenean etorriko dira parroki atarira; 17:30 aldera izango da hori. Han zain dituzten herritarrak agurtu ostean, parrokia barrura sartuko dira jaiotza ikustera, eta atseden hartzera eta kabalkadarako prestatzera joango dira gero. Kabalkada 19:00etan hasiko da igerileku paretik, eta ohi bezala, Errege Magoek herriko ikastetxeetako ikasleak izango dituzte bidelagun ibilbidean. 20:00 aldean iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide