Orduz aldatu dute larunbatean Oihana Kortazarrekin egitekoak diren entrenamendu saioa

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 2a, 10:08

Azaroan egin zuten lehen entrenamendu saioko irudia. (Domusa Teknik 40 MLK)

Larunbatean egingo dute Domusa Teknik 40 MLKek emakumeentzako antolatutako hirugarren entrenamendua, Oihana Kortazarrekin. Berez, 09:00etan ziren abiatzekoak igerilekuaren aurretik, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, aldatu egin dute irteera ordua; hain zuzen ere, 08:15ean elkartuko dira.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ari dira prestatzen, eta horietan hirugarrena larunbat honetan, urtarrilak 7, egingo dute. Inguruotan oso ezaguna den pertsona batek gidatuko du hurrengo saioa; Salomon taldeko Oihana Kortazar mendi lasterkariak, hain zuzen ere. Berez, 09:00etan ziren abiatzekoak entrenamenduan parte hartuko duten kirolariak igerilekuaren aurretik, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, aldatu egin dute irteera ordua; hain zuzen ere, 08:15ean elkartuko dira.

"09:00etan irten ahal izateko, lehenago gelditzea komeni zaigu, jendea agurtzeko, nondik norakoak azaltzeko, argazkia ateratzeko...", adierazi dute antolatzaileek. Igerilekua 09:00etan irekitzen denez, kontsigna zerbitzua antolatzaileek eskainiko dutela azaldu dute, arropa edo motxilak uzteko lokal bat baitute. Oraingoan, hamaiketakoa Xoxoteko aterpean egingo dute parte hartzaileek; beraz, janzteko zerbait eramatea gomendatu dute. Ibilbideak hemezortzi kilometro inguru izango dituela aurreratu dute.

Saioan parte hartu nahi dutenek oraindik eman dezakete izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Berez emakumeei zuzendutako entrenamendua izango den arren, gizonek ere izango dute parte hartzeko aukera, emakumeren batekin batera izena emanda. 

Azaroan egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin, eta abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela. Bi saio horiek izan duten arrakasta ikusita, hirugarrena antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide