Mahler Chamber Orchestraren eta Mitsuko Uchida pianistaren Kursaaleko kontzerturako autobusa jarri dute

Julene Frantzesena 2023ko urt. 3a, 12:39

Mitsuko Uchidaren irudi bat.

Urtarrilaren 13an eskainiko dute emanaldia Donostiako Kursaaleko auditorioan. Azpeititik Donostiara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua izango da, eta hilaren 9a bitartean egin beharko da erreserba.

Mahler Chamber Orchestra eta Mitsuko Uchida pianista Donostiako Kursaalen izango dira urtarrilaren 13an, ostiralez, eta Kursaal Eskura egitasmoa tarteko, Azpeititik hara joateko eta Donostiatik itzultzeko autobus zerbitzua izango da. Emanaldia 20:00etan izango da Kursaaleko auditorioan, eta autobusa 18:45ean aterako da anbulatorioaren aurreko geltokitik.

Kontzertura joan nahi dutenek Kursaal Elkarguneko webgunean erosi ahal izango dituzte sarrerak, eta ondoren, autobuserako lekua erreserbatu beharko dute kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta. Urtarrilaren 9a izango da autobusean izena emateko azken eguna. Gutxienez hamabost pertsonako taldea osatu beharko da autobus zerbitzua eskaintzeko; halakorik ezean, ez da joan-etorrirako autobusik izango eta sarreren dirua itzuliko zaie bezeroei. 

Langabetuek eta 30 urtetik beherako herritarrek emanaldirako sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dituzte. Horiek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 70 68 zenbakira deituta. Kontzertuaren egunean, ordea, Kursaaleko leihatilara joan beharko dute, eta adina (Ordu Gaztea) edo lan egoera egiaztatuta erosi ahal izango dituzte sarrerak. Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, sarrera horien kokapena egun horretan leihatilan erabilgarri dauden txartelen araberakoa izango da.

Bi izar

Mitsuko Uchida gaur egungo Mozarten interprete handienetariko bat da. Aspalditik Mahler Chamber Orchestrarekin jarduten du lankidetzan, konpositore horren pianorako kontzertuetan zentratuta. Mozarten Pianorako 25. kontzertuak, Schoenbergen 1. Ganbera Sinfoniak eta Mozarten Pianorako 27. kontzertuak osatuko dute egitaraua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide