Alex Aizpuru 'Kaxe'-k UD Ibiza taldean jokatuko du aurrerantzean

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 4a, 10:53

Aurrelari azpeitiarrak herenegun eten zuen Mallorcako Atletico Balear taldearekin abuztutik zuen kontratua, eta Ibizako taldean ariko da gutxienez denboraldiaren bukaerara arte. Horrela, koska bat gora egin eta lehendik ere ondo ezaguna duen Espainiako Bigarren Mailan ariko da aurrerantzean.

Mallorca utzi eta Ibizarako bidea hartu du Alex Aizpuru Kaxe futbolariak, UD Ibiza taldearekin denboraldia bukatu arteko kontratua sinatuta. Ibizako taldeak orain minutu gutxi argitaratu du albistea, azken egunotan hainbat kirol hedabidek zabaldutako zurrumurruak baieztatuz. Ohar bidez jakinarazi duenez, abian den denboraldia bukatzean, kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera izan lezake azpeitiarrak. Horrenbestez, koska bat gora egin, eta berriz ere Espainiako Bigarren Mailan ariko da Aizpuru.

Abuztuaz geroztik, Mallorcako Atletico Balear taldean jardun du Kaxek. Hamasei partida jokatu ditu han, eta baita gol bat sartu ere. Hain zuzen ere, denboraldi osorako kontratua zeukan talde horrekin, aurtengo ekainera artekoa, baina herenegun taldeak sare sozialen bidez jakinarazi zuen kontratua etetea adostu zutela bi aldeek, eta jada Kaxe ez zela taldeko jokalaria.

Mallorcara iritsi aurretik, Ponferradinan aritu zen aurrelari azpeitiarra. 2018ko abenduan ailegatu zen hara, neguko merkatuan fitxatuta, taldea Espainiako Bigarren B Mailan zela. Bahraingo Erresumako East Riffa taldea utzita batu zen Leongo taldera, eta 2018-2019 denboraldian mailaz igo zen Ponferradina; Espainiako Bigarren Mailarako txartela lortu zuen. 2021-2022 denboraldian, berriz, Ponferradinak utzita Sabadellen aritu zen Kaxe; 33 partida jokatu eta zortzi gol sartu zituen. Izatez, 2023ra arte zuen Leongo taldearekin kontratua, baina orduan ere hitzarmena etetea erdietsi zuten taldeak eta jokalariak.

Hainbat taldetan aritu da azpeitiarra azken urteetan: 2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. 2018ko uztailean, berriz, Asiara egin zuen jauzi: Bahraingo Erresumako East Riffa taldearekin aritu zen hango Lehen Mailan, urte hartako abendura bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide