Janus Lester eta Olaia Inziarte entzungai, larunbatean Sanagustin kulturgunean

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 5a, 09:00

Olaia Inziarte musikaria.

21:30ean hasiko dira musikari nafarren kontzertuak, eta dohainik izango da horietarako sarrera.

Janus Lester eta Olaia Inziarte musikarien kontzertuak izango dira larunbatean, urtarrilak 7, Sanagustin kulturgunean. 21:30ean hasiko dira zuzenekoak, eta dohainik izango da horietarako sarrera. Janus Lesterrek –Jokin Pinatxo musikari beratarraren azken proiektua– Ez gaitzala loak harrapatu azken lana aurkeztuko du Sanagustinen. Lo egin ezinik igarotako gauei edo loak harrapatzerik nahi ez duen horiei abestuko die, Mattin Arbelaitz, Garazi Esnaola, Ane Bastida, Andoni Arriola, Javi Echarri eta Julen Suarez musikariez lagunduta. Era berean, gai pertsonalak eta sozialak abestuko ditu Olaia Inziartek Azpeitian, pop ilun kutsua duen musika oholtzaratuz. Lehengo lepotikan burua diskoa aurkeztuko du musikari nafarrak Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide