Ilusioz betetako gutunak, gozokien truke

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 4a, 18:36

Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren laguntzaileak Sanagustinpean izan dira gaur arratsaldean. Herriko umeek aukera izan dute haiei gutunak emateko eta haiekin argazkiak ateratzeko. Dozenaka izan dira aukera aprobetxatu dutenak.

Errege Magoen laguntzaileak herrian izan dira gaur arratsaldean. 17:30ean iritsi dira Sanagustinpera, eta ordurako ilaran zain zituzten dozenaka ume eta guraso, Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri zuzendutako eskutitzak eskuetan zituztela. Pajeei gutunak eman eta haiekin solasalditxoa izan eta argazkiak ateratzeko aukera izan dute haurrek, eta esku bete gozoki jaso dute bueltan.  

Gaur laguntzaileak izan dira Azpeitian, eta bihar, Errege Magoen txanda izango da. 17:00 inguruan iritsiko dira Lasaora, eta hango umeak agurtu ostean, txu-txu trenean egingo dute herrigunerako bidea. 17:30 aldera parrokiara joango dira hango jaiotza ikustera eta han zain izango dituzten haurrei kasu egitera. Ondoren, 19:00etan, igerilekutik hasiko da erregeen kabalkada. Ohi bezala, Errege Magoek herriko ikastetxeetako ikasleak izango dituzte bidelagun ibilbidean. 20:00 aldean iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide