Urteroko lana da hainbat saltokitako arduradunentzat Gabonetako erakusleihoak sortzea. Aurten, dozenaka izan dira erakusleihoak apaindu dituzten dendariak, eta horietako bat izan da Amenabar dekorazio dendako Mikel Amenabar. "Beti" saiatzen da "zerbait berezia" egiten, eta aurtengoan dekoratzaile lanari egin dio keinu. Hori dela eta, etxe handi bat sortu du iloba Ainhoarekin batera, etxeetako xehetasun guztiak kontuan hartuta. Ikusmin handia sortu du Elizkaleko erakusleihoak, eta herritar ugari bertaratu dira saltokiaren atarira, xehetasunez jantzitako lana ikustera. Argazkiak ere atera dizkiote. Dendako arduradunak oso gustura daude herritarrek erakutsitako babesarekin.