'Nire zirkua' eta 'As bestas' filmak emango dituzte igandean eta astelehenean

Julene Frantzesena 2023ko urt. 5a, 15:20

'As bestas' filmeko irudi bat.

Zinuema egitasmoaren barruan, Nire zirkua filma emango dute igande arratsaldean Soreasun. As bestas, berriz, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan ikusi ahal izango da.

Igandean eta astelehenean bi film ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian. Zinuema egitasmoaren barruan, Nire zirkua filma emango dute igandean, 16:30ean hasita –sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke–. Igandean bertan, 19:30ean hasita, berriz, As bestas ikusi ahal izango da. Astelehenean ere As bestas filmaren emanaldia eskainiko dute (21:00). Bi emanaldi horietarako sarrerak ere Kulturazen webgunean eskura daitezke, baita emanaldien egunetan Soreasuko leihatilan ere.

Nire zirkua filma fikziozkoa da, eta honako hau da lan horren sinopsia: "Zirkuko familia batean jaioa, 12 urteko Laurak bere bizitza gaztearen zati handi bat biran eman du, Bill aita bakar eta pailazo profesionalarekin. Baina, ezkutuan, bizitza tradizionalago bat amesten du. Bere ahalmen akademikoa aitortzen dion irakasle berriari esker, Laurak bere ametsa betetzea lortuko du: eskola pribatu batera joatea… Bill espiritu libreak onartu ahal izango du 'bere neska txikia' beste ezpal batekoa dela?".

As bestas, berriz, drama generoko filma da, Rodrigo Sorogoyenek zuzendua. Honako hau da film horren sinopsia: "Galizia barnealdeko herrixka batean aspalditik bizi den Frantziako bikotea dira Antoine eta Olga. Bizimodu lasaia dute han, baina bertakoekin duten bizikidetza ez da nahi luketen bezain idilikoa. Auzotarrekin, Anta anaiekin, izandako gatazka baten ondorioz, tentsioa hazi egingo da herrixkan, itzulerarik gabeko puntu batera iritsi arte".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide