Lasaotik barrena iritsita, Erregeek egin dute lehen bisita

Julene Frantzesena 2023ko urt. 5a, 17:49

Lasaon haurrak agurtuta, txu-txu trenez iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara. Haur ugari zituzten han zain, eta askok argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute. Elizako jaiotza bisitatuta, gozokiak banatu dizkiete herritarrei. 19:00etan igerilekuaren paretik abiatuta, kalez kale ibiliko dira kabalkadan.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek dagoeneko egin dute lehen geldialdia herrian. Izan ere, 17:00 aldean iritsi dira horiek Lasaora, eta hango haurrak agurtuta, herrigunerako bidea hartu dute. Hain zuzen ere, txu-txu trenean iritsi dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atarira, 17:30ak jotzerako, eta ordurako han zituzten zain dozenaka haur eta gaztetxo.

Elizaren atarian zirela, herritar ugarik aprobetxatu dute unea Erregeekin argazkiak ateratzeko, eta ondoren, elizara sartu dira protagonistak, parrokiako jaiotza bisitatzera. Gainera, hura muntatzeaz arduratzen diren boluntarioekin argazkia atera dute.

Sartzerakoan baino herritar gehiago zeuden haren atarian ordurako, eta elizako ateak zabaltzearekin hasi dira haien gozoki eske; batzuk ondo prestatuta joan dira, gainera, zorro eta guzti. Zorroak nahiz patrikak gozokiz betetzeko aprobetxatu dute haurrek eta gaztetxoek, eta kabalkadaren zain gelditu dira.

Kabalkada 19:00etan hasiko da igerilekuaren paretik, herriko ikastetxeetako ikasleak bidelagun dituztela. Ohi bezala, herrigunean kalejira eginda iritsiko dira plazara 20:00 inguruan. Hara iristean, gainera, udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte hiru protagonistek herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide