Neguko Topalekua egokituko du udalak LH3tik LH6ra artekoentzat

Nerea Uranga 2023ko urt. 8a, 11:00

Gazteria eta Hezkuntza zerbitzuetako udal ordezkariak, Azoka Plazaren aurrean. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Urtarrilaren 15ean zabalduko dute gaztetxoentzako topalekua Azoka Plazako beheko solairuan, eta apirilaren 2a bitarteko hainbat igandetan izango da irekita 16:30etik 19:00ak artean. Haurren Kontseiluak udalari egindako eskaerari erantzuteko zabalduko dute. Horretaz gain, filosofia modu ludikoan lantzeko ikastaroa prestatu du udalak urtarriletik maiatzera bitartean; hori larunbat arratsaldetan izango da.

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haur eta gaztetxoentzat neguko topalekua zabalduko du udalak Azoka Plazako beheko solairuan urtarriletik apirilera bitarteko hainbat igande arratsaldetan. Hain zuzen ere, urtarrilaren 15ean eta 29an, otsailaren 5ean, 12an eta 26an, martxoaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta apirilaren 2an irekiko dute gaztetxoen topalekua, 16:30etik 19:00etara artean. Udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile egongo dira topalekuan, eta bertan egon nahi duten haurrek ez dute aurrez izenik eman beharko. 

Gaztetxoen neguko topalekua aisialdirako gune berria da Azpeitian, eta Haurren Kontseiluaren ekimenez sortu du udalak. "Proba gisa jarriko da abian, eta haurrekin lantzen joango da bertako dinamika", azaldu du udalak. Topalekua haurren nahietara eta beharretara egokituko dute, eta ekintza desberdinak egiteko txokoak izatea adostu dute kontseiluan. Udalak esan du, gunea abian jartzean pixkanaka hartuko duela izaera, eta joaten direnen beharretara eta nahietara egokitzen joatea dela helburua.

8-12 urte artekoentzako topaleku horretaz gainera, abenduan 0-8 urte bitarteko haurrentzako jolaserako gune estalia jarri zuen martxan kiroldegian Azpeitiko Udalak. Gune horretan haur txikienek jolasteko, familian egoteko edo psikomotrizitatea lantzeko aukera eskaintzen dute. 

Filosofia modu ludikoan lantzeko ikastaroa
 haurrentzat

Urtarriletik maiatzera bitartean, berriz, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6.era arteko haurrentzat filosofia modu ludikoan lantzeko saioak eskainiko ditu Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteak. Guztira, sei saio izango dira, hilean behin larunbat arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, Basazabal Formazio Zentroan. Hain justu honako egunetan izango dira saioak: urtarrilak 14, otsailak 4, martxoak 11, martxoak 25, apirilak 22 eta maiatzak 6.

Filosofia modu ludikoan ikastaroan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute formularioa betez edota udaleko Hezkuntza Zerbitzura joz: 943-25 50 06 edo hezkuntza@azpeitia.eus. Ikastaroaren inguruko informazioa gehiago nahi duenak ere Hezkuntza Zerbitzura jo dezake. 

Heldu eta hezitzaileentzako saioa

Haur filosofia ezagutu eta lantzen ikasteko hitzordua ere jarri du Azpeitiko Udalak heldu eta hezitzaileentzako. Urtarrilaren 14an, larunbatez, izango da saio hori 11:00etatik 13:00etara bitartean Basazabal Formazio Zentroan. Saio hau ere Jakinmin elkarteak dinamizatuko du, eta irakasle, guraso, hezitzaile zein gaian interesa duten helduei zuzendutakoa da. Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan, 943-25 50 06 telefono zenbakira deituta edota hezkuntza@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide