Umorea, dantza eta askotariko doinuak Udal Musika Bandaren Errege eguneko kontzertuan

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 6a, 13:45

Errege eguneko kontzertua eskaini du gaur Udal Musika Bandak Sanagustin kulturgunean, eta jende ugari bertaratu da emanaldiaz gozatzera. Bandako kideek hamar pieza eskaini dituzte emanaldian, eta horietako bat baliatu dute ikuskizunari umore puntua jartzeko. Hain zuzen, La greve des musiciens abestia jotzen ari zirela protesta irudikatu dute bandako musikariek, eta barrez erantzun dute kulturgunean elkartutako herritarrek. 

Udal Musika Bandak Errege eguneko kontzertua eskaini du gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen, musika bandaren urteko lehen emanaldia izan da gaurkoa, eta jende ugari bertaratu da emanaldiaz gozatzera. Kontzertua 12:30ean hasi da, eta kulturgunean elkartutakoek askotariko doinuez gozatzeko parada izan dute gaurkoan; izan ere, Unai Frantsesenak gidatuta, estilo desberdinetako hamar pieza jo dituzte emanaldian zehar: Flourish for wind bandDonostiaThe voice of the gunsBandologyLa greve des musiciensAir for windsThe syncopated clock5a sinfonia & Mambo N 5If i can dream eta Conga del fuego nuevo.

Gainera, umore kutsua jarri diote emanaldiari Udal Musika Bandako kideek. Hain zuzen, La greve des musiciens abestia probestu dute protesta antzezteko, eta hainbat kartel atera dituzte aldarrikapenak egiteko, umorez eta txantxaz. Besteak beste, "berogailua kioskoan", "Kaldereroetan megafonia bakarrik" eta "komisioa dimisioa" irakur zitekeen horietan. Pixkanaka-pixkanaka oholtzatik jaisten joan dira musikariak, baita zuzendaria ere, eta musikari bakarra gelditu denean beste kartel bat atera du hark: "Zer, ni bakarrik gaizki?", zioen. Barrez erantzun dute kulturgunean elkartutako herritarrek. Horrez gain, dantzarako tartea ere izan da, eta bandaren musikaren erritmora dantzatu dute herriko bi dantzarik. 

Hona hemen La greve des musiciens abestia eta protesta irudikapena, bideoan: 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide