Uzta eskasarekin hasi da urtea Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 8a, 08:37

Garmendipe, artxiboko irudian.

Ohorezko Erregional Mailako taldeak zigorra jaso zuen etxean (1-4) Leintz Arirmendiren kontra. Hirugarren Mailan, berriz, bana berdindu zuten Azpeitikoek Aurrera Vitoria sailkapeneko azkenaren zelaian.

Urte berriko lehen jardunaldiak uzta eskasa utzi du Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat; porrot argia emakumeentzat Ohorezko Erregional Mailan, eta berdinketa gizonentzat Espainiako Hirugarren Mailan.

Sailkapenean parean zuen taldea hartu zuen etxean Lagun Onakek Ohorezko Erregional Mailako ligaren hamalaugarren jardunaldiko neurketan, baina sailkapeneko berdintasunik ez zuen erakutsi azken emaitzak: 1-4 irabazi zuen Leintz Arizmendik Garmendipen. Horrenbestez, 20 punturekin jarraitzen du Lagun Onakek eta zortzigarrena da sailkapenean, taularen erdi-erdian. Datorren asteburuan Hernaniren zelaian jokatuko dute Azpeitikoek, bigarren sailkatuaren kontra.

Hirugarren Mailan, Gasteizko Olaranben hasi zuen urtea Lagun Onakek, atzo arte bost puntu besterik ez zituen Aurrera Vitoria azken sailkatuaren kontra. 0-1 hartu zuen aurrea Avellanedaren taldeak lehen zatian, 16. minutuan Pablo del Pozok egindako golarekin. Bigarren zatiaren erdi aldera, ordea, egoera okertzen hasi zen Azpeitikoentzat, Iker Arregik bigarren txartel horia ikusi ondoren hamarrekin gelditu zirenean. Ia bukaeraraino abantailari eutsi bazioten ere, 89. minutuan berdindu zuten neurketa etxekoek, eta puntu bakarrarekin itzuli ziren etxera Lagun Onakekoak. Hamabost jardunalditan 18 puntu batuta, sailkapenean bederatzigarrena da Lagun Onak. Datorren jardunaldian ere etxetik kanpo jokatuko du, Errenterian, Touringen zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide