Buru eritasunak

"Nahasmen bipolarrarekin dena egin dezakezula sinesten duzu"

Mireia Galarza Bastida 2023ko urt. 13a, 11:00

Eritasun mentalekin lotuta, Mireia Galarza Bastida kazetariak Luisa Etxeberria zumaiarrari egindako elkarrizketa da honakoa.

"2010. urtean jakin nuen nahasmen bipolarra nuela, baina 2008tik nengoen gaizki. Ohetik jaikitzea ezinezkoa egiten zitzaidan, eta oso-oso nekatuta sentitzen nintzen, indarrik gabe. Depresioa diagnostikatu zidaten urte hartan, eta medikazioa hartzen hasi nintzen. Antidepresiboekin, ordea, ez nuen hobekuntzarik nabaritzen. Artean bajan nengoen, eta osaba-izebek Torre del Marren (Malaga, Espainia) zuten etxera joan nintzen. Bertan izan nuen orain arte eduki dudan fase maniako nabarmenena, inguruan nuen guztia erosten hasi bainintzen. Pentsa, pisu bat ere ikusi nuen asmo horrekin. Dena egin dezakezula sinesten duzu momentu horietan.

Gogoratzen dut gau batean bakarrik irten nintzela herri horretako itsas pasealekura, eta bertan zegoen saltzaile bati zeuzkan poltsa guztiak erosi nizkion. Hori eta gero zerbait hartzera gonbidatu ninduen saltzaileak, eta hurrengo egunean gosaltzera eta bazkaltzera. Bazkaltzen geundela, krisia izan nuen, eta alde egin nuen handik. Beste taberna batera joan nintzen, eta han garrasika hasi nintzenez, zerbitzariek poliziari deitu zioten eta haiek kalabozora eraman ninduten. Beldurgarria izan zen gau hura. Kalabozotik ospitalera eraman ninduten familiakoek, eta ondoren, Malagako psikiatrikoan sartu ninduten astebetez. Hori eta gero, hiru aste pasatu nituen Donostiako psikiatrikoan, eta bertatik atera nintzenean, gurasoek hartu zuten nirekin egoteko ardura. Haien etxera joaten nintzen otorduak egitera, eta ama etortzen zen nire etxera gauak pasatzera. Hemeretzi pastilla hartzen nituen egunero garai hartan, eta Zarauzko anbulatorioko psikiatrarengana ere joaten nintzen astean behin baino gehiagotan. Asko sufritu dut, bakarrik gelditu nintzelako. Egia da nire familia hor zegoela, baina bi lagun paseatzen ikusten nituenean, adibidez, inbidia izaten nuen.

Hogei hilabeteko baja eta gero, ordea, ezintasun iraunkorra baloratzeko gutuna iritsi zitzaidan, eta orduan, lanean hastea erabaki nuen. 2012an itzuli nintzen berriz Torre del Marrera, eta topo egin nuen ostera Max Faye saltzailearekin. Begira gauzak zer diren: Fayerekin harreman bat hasi nuen, ezkondu egin ginen eta gaur egun elkarrekin bizi gara Zumaian. Berak asko lagundu dit gaixotasunarekin, lasaitasuna eta bakea eman baitit uneoro, eta beti baitago nola nagoen erne. 2013an ezagutu nuen nahasmen bipolarra dugunontzat AGIFESek (buruko gaixotasunak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea) martxan jarritako babes taldea, eta oraindik ere jarraitzen dut hara joaten. Izan ere, han gauden denok dugun nahasmena, eta asko ikasten dut gaixotasun bera duten kideekin. Astindu dantza taldean ere eman nuen izena orain urte batzuk, eta gorputza mugimenduan edukitzeak ere asko lagundu dit, baita jende berria ezagutzeak ere.

Urte batzuk pasatu dira, eta jada badakit noiz ez nagoen hain ongi. Oso bizimodu zorrotza jarraitu behar dut, ordutegi eta ohitura konkretuekin. Adibidez, ezin dut kalean afaldu edo alkohola kontsumitu, horrek eragina duelako nigan. Hala ere, naturaltasunez hartzen dut gaia. Ez daukat jendearen aurrean zer gertatzen zaidan esateko arazorik; alderantziz, batzuetan gehiegi esan dudala iruditu izan zait. Gainera, ezin zaigu ahaztu buruko gaixotasun bat edukitzea edozeini gerta dakioken zerbait dela. Prozesu oso luzea da, eta oraindik hor nabil, nire gorabeherekin, baina hori ez da inoiz amaituko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide