'Black is beltza II: Ainhoa' filma ikusi ahal izango da ostiral gauean Soreasun

Julene Frantzesena 2023ko urt. 11a, 08:45

'Black is beltza II: Ainhoa' filmeko irudi bat.

Zinema aretoetan euskarazko filmen eskaintza bermatzeko Uemak eta Tinkok sustatutako Zinuema egitasmoaren barruko emanaldia izango da. Ostiralean 22:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Fermin Muguruzak egindako animaziozko lana.

Zinema aretoetan euskarazko filmen eskaintza bermatzeko Uemak eta Tinkok sustatutako Zinuema egitasmoaren barruan, Fermin Muguruzak zuzendutako Black is beltza II: Ainhoa animaziozko filma ikusi ahal izango da ostiralean, 22:00etan hasita, Soreasu antzokian. Emanaldirako sarrerak Soreasu antzokiko leihatilan erosi ahal izango dira emanaldia hasi baino lehen.

Black is beltza II: Ainhoa Muguruzak 2020an aurkeztutako lehendabiziko ekoizpenaren jarraipena da, 2022an egina. Honako hau da lanaren sinposia: "Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen, Amanda bere ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazita, 1988an, 21 urterekin, bidaia bati ekiten dio, Manex aitaren lurraldea ezagutzera, Euskal Herrira abiatuz. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta haren lagun kuadrila ezagutuko ditu. Josuneren mutilaguna heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoarekin batera bidaia jarraitzea erabakiko du hark, eta horrela murgiltzen dira Libano, Afganistan eta Marseilla hirietan barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak ala biak narkotrafiko sareak trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide