Milagros Zendoia: "Margotzen dudanak zerbait adierazi behar dit beti"

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 11a, 15:00

Milagros Zendoia, Betharramen jarri duen erakusketan. (Ihintza Elustondo)

75 urterekin, bere lehen erakusketa zabaldu du Milagros Zendoiak (Azpeitia, 1947). Azken 32 urteotan egindako lanak bildu ditu Azpeitiko Betharram aretoan. Urtarrilaren 22ra arte izango da ikusgai.

Duela 32 urte hasi zinen margotzen. Nolatan eman zenuen pausoa?

Diego Cruzekin hasi nitzen margotzen; harekin ikasten hasi zen lehen emakumea izan nintzen. Ordutik, harekin segitu dut. Ostegunetan joaten naiz klasera, eta asko gustatzen zait margotzea.

Zertan laguntzen dizu margotzeak?

Denean. Banandu eta segituan hasi nintzen margotzen, eta emozionalki asko lagundu izan dit beti.

32 urteotan egindako lanak bildu dituzu erakusketan. Denak sartu al zaizkizu aretoan?

Ez, denak ez dira sartzen. Askoz gehiago dauzkat. Beste bi kaxa handi ditut margolanez beteta. 

Zer-nolako lanak daude erakusketan?

Olio pinturarekin egin ditut aretoan dauden lan denak. Teknika ezberdinak probatu ditut urteotan, baina olioarena izan da gehien gustatu zaidana. 

Margolan batzuetan paisaiak ageri dira, beste batzuk koadro abstraktuak dira, Gernika ere ikus daiteke lanen artean...

Aldatzea gustatzen zait, estilo ezberdinetako irudiak margotzea. Irakasleak esan zidan egon daitezkeen estilo guztiak bildu ditudala erakusketan. [Claude] Moneten lanak ere askotan margotu izan ditut... 

Zendoiaren erakusketako irudi bat. (I. E.)

Zeuk sortzen al dituzu margolanen ideiak?

Ez, besteek egindako lanen kopiak egin ohi ditut. [Vasili] Kandinskirenak, [Pablo] Picassorenak ere bai... Beste koadro bat, berriz, margotzera joaten naizen lekuan ikusitako lan batean oinarritutakoa da; itsu batek egina da oinarrian dagoen koadroa. Denetarik dago. 

Oro har, kolorea da nagusi zure lanetan.

Bai, hala da. Gustatu egiten zaizkit koloreak. Margotzen dudanak zerbait adierazi behar dit beti.

Erakusketa bat jartzen duzun lehen aldia al da?

Loiolan bizi naiz, eta auzoko tabernan izan nituen lan batzuk jarrita. Baina, bestela, ez dut sekula erakusketarik jarri. Hau da udal areto batean nire lanak jartzen ditudan lehen aldia.

75 urterekin. Nork esango zizun...

Bai, eta oraindik beste erakusketa bat jartzea pentsatzen dut [barreak]. 

Zer moduzko harrera izaten ari da erakusketa?

Lehen egunean [astelehenean] 50 bat pertsona igaro ziren aretotik; umeak, gurasoak... denetarik bertaratu zen. Oso detaile politak izan zituzten, eta nahiko barre egin nuen beraiekin. Asko ari naiz gozatzen jendearekin hartu-emanean. Batek esan zidan nota altua ipintzen zidala, haur bat koadro bateko emakumearen ipurdiak harritu zuen... 

Ordutegia

Urtarrilaren 22ra bitartean. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara, Betharram aretoan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide