Ehunka herritarrek atzo, asteazkenarekin, egin zuten helduen danborradarako lehen entsegua Izarraitz pilotalekuan. 21:00etan hasi ziren bi urtez gordeta izandako danborrei eta barrikei hautsak kentzen; pixkanaka-pixkanaka, kanta bat bestearen atzetik joz –eta batzuk errepikatuz–, danborradako errepertorio osoa errepasatu zuten entsegura joandako danbor jotzaileek.
Saioko lehen pieza berria izan zen. Hain zuzen ere, aurtengo danborradan lehen aldiz joko duten Batasuna kantaren doinupean aritu ziren herritarrak atabalak astintzen. Zuzendariek ere ez zuten lan makala izan, asko izan baitziren haiei begira erritmoari segika aritu ziren danbor jotzaileak. Ondoren, ohiko kantuak jo zituzten, batzuk besteak baino hobeto, baina gogoz. Izan ere, nabari zitekeen festarako gogoa, bi urteko etenaren ostean danborraren festan murgiltzeko gogoa.
Atzokoa lehen entsegua izan zen, eta gaur egingo dute bigarrena, ordu eta toki berean, baina Udal Musika Bandaren doinupean. Azken bi entseguak, berriz, datorren asteartean eta asteazkenean izango dira; horiek ere 21:00etan, Izarraitzen.
Urtero izaten dira berrikuntzak danbor taldeetan, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango. Gainera, hainbat taldetan zuzendari berriak ariko dira danbor jotzaileak gidatzen; zehazki, zazpi taldetan. Horietako bostekin hitz egin zuen Uztarriak entsegua bukatzean, eta saioko irudiekin nahiz zuzendari berrien adierazpenekin osatutako bideoa gaur arratsaldean argitaratuko du.