Sansebastianak 2023

Ardozaleak danbor zaleak ere badira

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 10:00

Ardozaleak danbor taldeko kideak 2020an.

1971n atera zen Ardozaleak taldea lehen aldiz helduen danborradan. Urtemuga aurten ospatuko dute, bi urte beranduago, baina gogo biziz. Taldeko kideek gauerdian jasoko dute Azpeitiko Udalaren aitortza, udaletxean.

Azpeitiko helduen lehen danborrada 1959an egin zen. Handik 12 urtera, 1971n, atera zen Ardozaleak taldea lehen aldiz San Sebastian bezperako danborradan. 2021 urtean, 50. urteurrena bete zuen napoleoi jantzia erabiltzen duen taldeak. Pandemiak eraginda, ordea, taldeak ezin izan du urtemuga lehenago ospatu, eta atzerapenarekin bada ere, San Sebastian bezperan jasoko du Azpeitiko Udalaren omenaldia.

Urteurren borobila aitzakia berezia izan da taldekideak oroitzapenetan murgiltzeko. Atzera begira jarrita, danborradan irteten hastea ez zela gauza erraza izan aitortu du Iñaki Portillak: "Kuadrillakoek danborradan irten nahi genuen, baina horretarako, beste hainbat ekitaldi antolatzen lagundu beharko genuela esan ziguten". Hala, umeentzako jolasak prestatu zituzten, jaialdietan aurkezle lanak egin ere bai... Eta horrela lortu zuten danborradan irteteko baimena.

Lagun taldea dirua biltzen hasi zen, eta Eperra taberna ordezkatuz irten ziren lehenbizikoz danborradan; Ardozaleak elkartea sortu gabe zegoen oraindik. "Arrantzalez jantzita irten ginen lehen aldi hartan, baina ordurako Ardozaleak genuen izena, Legazpin jokatu eta irabazi genuen txapelketa bat tarteko", esan du barrez.

Portilla Ardozaleen taldeko kide den arren, ez da soziedadeko bazkidea. Hala ere, danbor festan ez du hutsik egiten, eta aurten ere aterako dela adierazi du.

Ardozaleak lehen aldiz atera zenetik 50 urte joan dira, eta danborradak eta taldeak bilakaera ikaragarria izan dute. Hasierako danborrada haietan hamar talde ateratzen zirela oroitu du Martxial Elorzak: "Izugarrizko aldea dago egungo talde kopuruarekin alderatuta; asko hazi da festa. Taldea ere aldatzen joan da, gazteak batzen joan diren heinean".

Aldaketa nagusiena, ordea, emakumeen presentziak eragin zuen taldean. Asko kostatu arren, gaur egun emakume ugarik parte hartzen dute Ardozaleen taldean. Kizkitza Lasa da horietako bat: "Niretzat berezia da danborradan irtetea; txikitatik naiz elkartekoa, eta horrek ematen dio hunkiberatasun puntua. Gainera, gogoratzen dut txikitan danborrada Erdikalean bizi zen amamaren etxetik ikusten nuela. Orain, danborradan handik igarotzen garenero begiratzen dut amonaren etxea zen hartako leihora. Txikitako oroitzapenak etortzen zaizkit; une polita izaten da".

Berezia izango da, era berean, San Sebastian bezperan Ardozaleak taldeak jasoko duen omenaldia: udaletxera igotzeko prest da Juan Jose Azpeitia taldearen zuzendaria. Hark aurreratu duenez, gainera, aurtengoa zuzendari gisa ariko den azkenengo aldia izango da: "Gazteei erreleboa pasatzeko garaia iritsi zait; 50 urte asko dira. Hala ere, urteak azkarregi pasatu direla esan beharra daukat".

Goizekoa, berezia

Ardozaleak taldeak hitzordu berezi bat izan ohi du sansebastianetan. Izan ere, San Sebastian egunean kalejira egiten du goizean, Gure Ametsa elkartearekin batera, eta, gero, parrokian aritzen dira bi taldeak.

Goizeko ekitaldian parte hartu izan duten kide guztien esanetan,sansebastianetako unerik hunkigarrienetakoa da parrokiakoa. Hala dio Lasak ere: "Han entzuten den hotsa izugarria da; behin behintzat, probatu beharrekoa da". Elorzaren arabera ere, goizekoa da festetako une ederrena: "Sansebastianak urteko festarik ederrenak dira niretzat, oso politak dira. Ahal dudan bitartean parte hartzen jarraituko dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide