Helduen Eskola lekuz aldatu dute

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 16a, 10:40

Helduen Eskolaren kokapen berria. (Azpeitiko Udala)

Aurrerantzean San Martin egoitzaren atzeko eraikinean emango dute zerbitzua, Milagrosa eta Iraurgi Ikastetxea egon ziren eraikinean.

Orain arte Perretxiko bezala ezagutzen den eraikinean egon da Azpeitiko Helduen Eskola, baina, aurrerantzean, San Martin egoitzaren atzeko eraikinean emango dute zerbitzua, Milagrosa eta Iraurgi Ikastetxea egon ziren eraikinean. Udalak azaldu duenez, aldaketa horren arrazoi nagusia da Perretxikoko eremu horretan etorkizuneko gizarte zerbitzuetako baliabideak hartuko dituen egoitza berri bat egitea adostua duela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Beraz, eremua husteko planifikazioaren baitan egin dute leku aldaketa.  

Matrikulazioa laster zabalik

Aurki zabalduko dute Helduen Eskolako matrikulazio epea. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako tituluak ateratzeko nahi dituztenek urtarrilaren 30etik 3ra bitartean eman beharko dute izena, 10:00etatik 13:00etara egoitzara bertara joanda. Horrez gain, euskara eta gaztelera ikastaroak ere eskaintzen dituzte, batez ere, atzerritarrei zuzenduta. Saio horietako matrikulazioa hilero egiten da, azken astean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide