Nerabezaroaz eta nerabeez hitz egiteko saioak antolatu dituzte

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 10:19

Udaleko hainbat zerbitzutako eta ikastetxeetako ordezkariak Gaztelekuaren atarian.

Herriko ikastetxeek eta udaleko hainbat zerbitzuk elkarlanean antolatu dituzte saioak. Adinaren arabera, bi hitzordu jarri dituzte: urtarrilaren 25ean DBH 1., 2. eta 3. mailetako ikasleen gurasoei zuzendutako saioa izango da, eta otsailaren 2an berriz, DBH 4. mailako eta Batxillergoko 1. eta 2. mailetako ikasleen gurasoei zuzendutakoa. Antolaketa lanak errazteko, aurrez izena ematea gomendatu dute.

Nerabeen gurasoei zuzendutako saioak prestatu dituzte herriko ikastetxeek eta udaleko hainbat zerbitzuk urtarrilaren 25erako eta otsailaren 2rako. Nerabezaroaren ezaugarriak kontuan izanik, nerabeen heziketan lanean ari diren profesionalen eta gurasoen elkargune izateko jarri dituzte hitzorduak, batez ere, nerabeen inguruko gogoetak elkarbanatzeko.

Bi saioak adinaren arabera banatuta egingo dituzte. Zehazki, DBH 1eko, DBH 2ko eta DBH 3ko ikasleen gurasoentzat izango da hilaren 25ean, asteazkenez, egingo duten saioa; aldiz, DBH 4ko eta Batxillergoko 1. eta 2. mailetako ikasleen gurasoentzat otsailaren 2an, ostegunez, gauzatuko dutena. Bi saioak 18:00etatik 19:00etara izango dira, Azoka Plazako aretoan.

Saioen sustatzaileek azaldu dutenez, bilerara joateko asmoa duten herritarrek honako formulario hau bete beharko dute, antolaketa lanak errazteko helburuz. Dena den, parte hartze irekia izango denez, izena eman gabe ere joan ahal izango dute gurasoek saiora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide