40 Minutu Rockera joateko autobusak izango dira Urola Kostatik

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 08:19

Iazko 40 Minutu Rockeko irudia.

Otsailaren 25ean, larunbatez, izango da elkartasun jaialdia Durangoko Landako Gunean. Zarauztik, Zumaiatik eta Azpeititik Durangora joateko eta handik bueltatzeko autobus zerbitzua antolatu dute. Joan-etorrirako izena eman daiteke dagoeneko.

Otsailaren 25ean, larunbata, Durangoko Landako Gunean izango da 40 Minutu Rock elkartasun jaialdia, eta hara joateko eta handik itzultzeko autobusak izango dira Urola Kostatik. Hain zuzen ere, Zarauztik, Zumaiatik eta Azpeititik Durangora joateko eta handik bueltatzeko autobus zerbitzua antolatu dute.

Joan-etorrirako izena Arrano, Inpernupe edo Orkatz tabernetan eman daiteke. Gainera, urolakostakoernai@gmail.com helbide eletronikora mezua idatzita edo Urola Kostako Ernairen Twitter edo Instagram kontuetara idatzita ere eman daiteke izena. 

Jaialdiaren egunean, goizean aterako dira autobusak. Zehazki, 09:00etan abiatuko da Zarauztik (Eguzki paretik), 09:15ean Zumaiatik (Kabi paretik) eta 09:30 Azpeititik (anbulatorioaren paretik). Aldiz, jaialdia bukatzean, Landako Gunean bertan hartu ahal izango dute herritarrek itzulerako autobusa.

Hainbat musika taldek parte hartuko dute aurtengo 40 Minutu Rock jaialdian. Besteak beste, agertokian izango dira Merina Gris, Rotten XXIII, Bulego, Skabidean, Huntza, Perlata, Unidad Alavesa, Brigade Loco, Dupla, Bengo, Lukiek, Iheskide eta Ginger.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide