Herriko gaztetxoak hasi dira San Sebastian eguneko haurren danborradarako prestatzen. Gaur, astelehena, egin dute aurreneko entsegua Izarraitz pilotalekuan, eta gogotik astindu dituzte atabalak. Zuzendariak, banderadunak eta kantinerak ere pozik aritu dira haien lanetan.
Izarraitz pilotalekuan elkartu dira 16:00etan, eta bertan izan dira 16:45 arte, danborradako piezak entseatzen. Bihar eta etzi ere egingo dituzte entseguak gaurko leku eta ordu berean. San Sebastian egunean, ostiralez, dira haurren danborrada egitekoak, eta gaztetxoak gogoz agertu dira, nahiz eta eguraldiak lagunduko al duen ez dakiten arren.
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Itsasiko, Juan Antxieta musika eskolako ikasleak izango dira, urtero bezala, danborradan irtengo direnak. Haiekin batera aterako da kalera Aitor Expositok diseinatutako karroza. Azpeitiko Antzerki Topaketen 40. urteurrena da aurtengo karrozaren gaia.