Sansebastianak 2023

Ostegun eguerdian erabakiko dute umeen danborrada ostiralean edo igandean egin

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 08:51

2020ko umeen danborradako irudia.

Atzo bilera egin zuten umeen danborradako taldeetako nahiz udaleko ordezkariek, eta erabakia eguraldi iragarpenaren arabera hartzea adostu zuten. Iganderako ostiralerako baino eguraldi iragarpen hobea egiten baldin badute, danborrada bi egunez atzeratuko dute. Ostegun eguerdian emango dute erabakiaren berri.

San Sebastian egunerako eguraldi kaskarra iragarri dutela eta, atzo, astelehena, umeen danborradaz hitz egiteko bilera gauzatu zuten Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Iraurgi Ikastetxeko, Itsasi taldeko, Juan Antxieta musika eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariek.

Danborrada San Sebastian egunean egitea edo igandera atzeratzea izan zuten horiek hizketagai. Udalak azaldu duenez, eguraldi iragarpenaren arabera hartuko dute erabakia. Hain zuzen ere, iganderako ostiralerako baino eguraldi hobea iragartzen baldin badute, danborrada igandera atzeratuko dute. Izan ere, hala egitearen aldeko hautua egin zuten atzo bilkurara joandakoek, aho batez.

Dena den, egueraldiaren iragarpena egunez egun alda daitekeela eta, ostegun eguerdian –urtarrilak 19– erabakiko dute haurren danborrada dagokion egunean, hau da, San Sebastian egunean, edo urtarrilaren 22an, igandez, egin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide