Euri jasak eta haize boladek hainbat kalte eragin dituzte herrian

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 11:38

Loiola eta Azkoitia arteko bidegorrian erori da zuhaitza. (Udaltzaingoa)

Loiola eta Azkoitia arteko bidegorrian zuhaitz bat erori da, baita GI-2634 errepidean ere. Halaber, hainbat adar bota ditu haizean errepidera Izarraitz auzoan, eta Soreasu auzoan ur putzu handiak sortu dira gauean. Urola ibaia maila horira iritsi da Matxinbentan, baina ez du gainezka egin.

Euriak ez du etenik izan azken orduetan Azpeitian, eta Urola ibaiak gainezka egin ez badu ere –maila horira iritsi da goizean Matxinbentan, baina dagoeneko maila berdean da–, hainbat kalte eragin dituzte bai euriak, bai haizeak inguruetan. Udaltzaingoak Uztarria.eus-i azaldu dionez, Loiola eta Azkoitia arteko bidegorrian zuhaitz bat erori da.

Halaber, GI-2634 errepidean ere bai beste bat, eta bidearen zati bat oztopatu du. Bestalde, Izarraitz auzoko errepideetara hainbat adar erori direla ere adierazi du Udaltzaingoak. Horrez gain, gauean Soreasu auzunean ur putzu handiak sortu dira, nahiz eta ibaia ez den bere bidetik atera.

Datozen orduetarako eta egunetarako ere euria eta haizea iragarri dituzte. Ikusteko dago iragarpena beteko al den, baina San Sebastian jaiak euritsuak izango direla aurreikusten dute eguraldiaren iragarleek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide