ETS taldeak beste kontzertu bat eskainiko du apirilaren 16an

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 12:59

ETS taldeko kideak.

Martxoaren 24ko emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude, eta hori ikusirik, bigarren kontzertua antolatu du Kulturaz kooperatibak. Apirilaren 16an, igandez, izango da, 18:30ean, Sanagustinen. 21 eurotan eskura daitezke sarrerak.

Euskal musika eszenaren punta-puntan dabil azken boladan En Tol Sarmiento (ETS) taldea, eta martxoaren 24an Azpeitian eskainiko duen kontzerturako sarrera guztiak aspaldidanik daude agortuta; are gehiago, Kulturaz kooperatibak saltzen jarri eta ordu gutxira amaitu ziren.

Orain, baina, beste emanaldi baterako data iragarri du Azpeitiko kultur kooperatibak. Hain zuzen ere, apirilaren 16an, igandea, Azpeitian bigarren kontzertua eskainiko du Arabako taldeak. 18:30ean izango da, Sanagustin kulturgunean, eta hara joan nahi dutenek dagoeneko eskura ditzakete sarrerak Kulturazen webgunean, 21 euroren trukean.

ETSk Guretzat diskoa aurkeztuko du bi emanaldietan Azpeitian. Pop doinuak eramango dituzte musikariek Sanagustingo agertokira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide