Danborrada Azpeitiko festarik garrantzitsuena eta ederrena iruditzen zait. Barru-barrutik bizitzen eta sentitzen dudan festa dela esan dezaket.
2000. urtean hasi nintzen sansebastianetako danborradan parte hartzen. Hala ere, hasierak ez ziren errazak izan; izan ere, esan ziguten emakume izateagatik ezin genuela sartu plazara danborra jotzera. Ordutik Julian Barrenetxea abesbatzaren taldean jarraitzen dut, eta urtero-urtero jotzen dut danborra, hutsik egin gabe.
Nire bizitza osoko ilusioa izan da Azpeitiko danborradan parte hartu ahal izatea, eta, beraz, horretarako lehenbiziko aukera izan nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu beharrik izan.
San Sebastian bezperan, gauerdia iristen denean eta plazan San Sebastian martxa jotzen dugunean, asko emozionatzen naiz, urte osoa egoten bainaiz une horren zain. Gainera, aukera izan dudan guztietan, parte hartu izan dut San Sebastian eguneko goizeko danborradan eta banderaren jaitsieran.
COVID-19ak eragindako pandemiak hainbat arazo eta eragozpen ekarri dizkigu, eta pena handia sentitu nuen azken bi urteetan danborradarik egin ez zelako, niretzat oso berezia izaten baita San Sebastian bezperako festa hori, azpeitiar askorentzat bezala.
Horregatik, danborradan irten nahi duten eta horretarako aukera duten azpeitiar guztiak festan parte hartzera animatu nahiko nituzke.
Eta ez nuke idatzi hau amaitu nahi ondorengoa esan gabe: aupa sansebastianak! Ondo pasatu!