Familia ugariei zuzendutako aurkezpen saioa egingo du Hirukidek asteartean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 3a, 08:46

(Argazkia: Pixabay)

Baigerako aretoan izango da, 18:00etan. Aurretik, goiz eta arratsaldez ere han egongo dira Hirukidekoak, informazioa jaso nahi dutenei arreta emateko. Azpeitiko eta inguruko udalerrietako familiei dei egin die Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioak.

Hirukidek, Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioak, aurkezpen saioa egingo du datorren asteartean, otsailaren 7an, Azpeitian. Baigera I-eko aretoan izango da saioa, 18:00etan. Hala ere, egun berean goizez (09:30etik 14:00etara) eta arratsaldez (15:30etik 17:30era) Baigeran egongo direla jakinarazi dute Hirukidekoek, aurkezpenera joan ezin dutenei arreta eskaintzeko.

Hirukide beraren zerbitzuen eta jardueren berri emateaz gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan familia ugarientzat dauden hobariak, zerbitzuak edota laguntzak azalduko dituzte asteartean Baigeran, baita zehazki Azpeitian eskaintzen zaizkienak ere. "Azken hilabeteotan eta urteetan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen", azaldu du Hirukidek, besteak beste argindarraren bonu soziala aipatuta. Informazio "zehatza" emateaz gain, familiek izan ditzaketen zalantzak, iradokizunak edota erreklamazioak erantzuteko tartea ere hartuko du Hirukidek Azpeitiko aurkezpenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide