Bart baino eguraldi atseginagoarekin esnatu dira gaur Azpeitian, eta sansebastianak etenik gabeko festak izanik, San Sebastian bezperako danborradaren ajeari aurre eginez goizean goizetik ekin diete egun nagusiko ekitaldiei.
Ohi bezala, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin dute plazatik hasita, eta horiek Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izan dituzte lagun. Bi danbor taldeek ohiko ibilbidea egin dute herriko kaleetan barrena. Jarraian, udal ordezkariekin batera, Elizkaletik barrena Sebastian Donearen parrokiarako bidea egin dute. Ondoren, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egin dute horiek.
10:45ean, bestalde, meza nagusia hasi da. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta Musika Bandak San Sebastian martxa jo dute, eta hura bukatu ostean hasi da elizkizun. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak parte hartu dute mezan, eta Ignacio Arakistain arduratu da elizkizunean organoa jotzeaz.
Goizeko ekitaldiez geroztik ere izango da zertaz gozaturik San Sebastian egunean zehar. Hemen egitaraua:
- 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
- 12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Gainera, taldeak plazan direla, Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa Aitor Expositok egin du, Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak gai hartuta.
- 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea. 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.