Sansebastianak 2023

Jai giro bikainean isildu dituzte danbor hotsak Azpeitian

Nerea Uranga 2023ko urt. 21a, 01:05

Datorren urtera arte agurtu dituzte danborradak Azpeitian, herriko banderaren jaitsierako danborradarekin. Helduen danborradako zortzi taldek parte hartu dute.

Gaueko hamabiak jo orduko, kanpai hotsekin batera, jaitsi dute herriko bandera udaletxeko balkoian Nagore Alkorta alkateak eta beste hainbat zinegotzik. Kalean hotz, baina jai giro bikainean egin zuten atzo, San Sebastian egunez, bandera jaitsierako danborrada. 23:15ean atera ziren danbor jotzaileak Bustinzuriko Errebaletik plazaruntz. Zortzi taldek parte hartu zuten danborradei bukaera emateko danbor festan: Oñatzbideko gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Presoen lagunak, Basazabal eta Iraurgi SB.

Plazarik behera jaitsi eta Alde Zaharreko kaleetan buelta egin ondoren, zortzi taldeak herriko plazan bildu ziren gauerdia aurretik. Musika Bandak lagunduta hainbat pieza jo ondoren, hamabietako kanpaiak jo orduko bandera jaitsi zuten udal ordezkariek udaletxeko balkoian. Bandera jaitsita ere danborradako hainbat pieza jo zituzten danbor jotzaileek. Aurten, gainera, berrikuntzarik izan zen: Oñatzbideko gastadoreak, danbor taldeetako kantinerak eta banderadunak lagun zituztela, danbor jotzaileen taldeen artean ibili ziren bandak jotzen zituen piezen erritmoan.

Hotz handia egin arren, herriko plazan jende asko bildu zen aurtengo danbor hotsak agurtzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide