Domusa Teknik 40 MLK probaren prestaketetan murgilduta dabiltza haren antolatzaileak dagoeneko, eta haiek jakinarazi dutenez, aurtengo edizioan parte hartuko duten kirolari guztiek –Euskal Herriko Ultra Kopan parte hartu edo ez– derrigor aurkeztu beharko dute mediku ziurtagiria.
Ziurtagiri hori behar bezala betetzean eta hari medikuaren sinadura eta zigilua jartzean, izenemateak@domusateknik40mlk.com helbide elektronikora bidaltzea eskatu dute lasterketaren antolatzaileek. Gainera, "dena ondo" dela ziurtatzean erantzuna eta dortsal zenbakia esanez mezua bidaliko diete haiek parte hartzaileei.
Ziurtagiria bidaltzeko azken eguna apirilaren 1a izango da, eta Domusa Teknik 40 MLKen antolatzaileek egun horretatik aurrera ez dute ziurtagiririk onartuko. Beraz, lasterketan parte hartzeko aukera galduko du ziurtagiria aurkezten ez duenak.
Bestalde, proban parte hartzekoak diren kirolariei mendian federatzea ere gomendatu diete sustatzaileek, edozein ezbeharren aurrean "babestuta" egoteko.
Maiatzaren 6an, zapatua, izango da probaren bigarren edizioa. Dagoeneko dortsal guztiak agortuta daude.